G7koen goi bilera Miarritzen

Mugarik ez bizikletan

Lapurdiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zikloturistak maiz ibili ohi dira hiru probintziak lotzen dituzten errepideetan. G7koen goi bileraren ondorioz, kontrola zorrotza da, baina ez du asteburuko txangoa zapuztu.

Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia, atzo arratsaldean. MIKEL RODRIGUEZ.
mikel rodriguez
Irun
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako eta Espainiako erresumek 1659an sinatu zuten Pirinioetako Hitzarmena, bien arteko muga zehazteko. Itun horren egiaztapen gordina izan da G7koen bilera, Frantziako eta Espainiako gobernuek muga zorrozki kontrolatzea erabaki baitute, eta, ondorioz, bi aldeetako milaka euskal herritarren mugimendu librea baldintzatu dute. Partizioak iraun duen 360 urteotan mugaren bi aldeetako euskal herritarrek banaketa gainditzeko hainbat ekintza egin dituzte: hizkuntza komunari eutsi, senide eta adiskidetasun harremanak naturalki garatu, harreman ekonomikoak mantendu... Baina bada bertze jarduera modernoago bat mugari jaramonik egiten ez diona, egunero, eta, gehienbat, asteburuero ehunka euskal herritar mobilizatzen dituena Espainiak eta Frantziak ezarritako lerro horren alde batetik bertzera mugitzeko, hori existituko ez balitz bezala; zikloturismoa da hori, eta zikloturistek errutina horri eutsi nahi izan diote G7ko goi bileraren lehenbiziko egunean.

09:00 dira. Eguzkia bizi dago zeruan, bero saparik ez oraindik. Egun ederra heldu da aitzinetik. Ibilaldia hasteko toki egokia da Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) elkartzen dituen Santiago zubia. Azken astean Poliziak gogor zaindu du zubi hori, eta bi ordu eskas falta dira handik igarotzekoa den G7ren aurkako manifestazioa hasteko, baina bidea libre dago. Kilometro gutxitara dago Behobiako zubia, Pausu (Lapurdi) eta Irun elkartzen dituena. Hori bai, aitzineko egunetan bezala, gotortuta dute Frantziako eta Espainiako poliziek.

Ibilaldiari lehenbiziko helburu bat paratu behar, lehenbiziko pizgarri bat: Ibardingo gaina. Urruñatik (Lapurdi) igo, eta Beratik (Nafarroa) jaitsi. Bidea lasai doa ordura arte, baina mendatearen oinetara ailegatu orduko, G7 ordu batzuetara hasiko dela oroitarazten duen seinalea: Frantziako bi polizia errepidearen alde banatan, zutik, serio, hieratiko, Rodasko erraldoiak portuko sarrera zaintzen zuen bezala. Igoera erdian, berriz, kontrolgunea. Rolak banatuta dituztela, gainera: frantsesak, igotzen ari direnak kontrolatzen; espainolak, jaisten ari direnak. «Zu lasai, badaude kontrolak, baina orain ez dago arazorik pasatzeko», erran dio polizia espainiar adeitsuak gidari bati.

Gaina libre utzi dute poliziek. Ibardingo kaskoan bentak daude, jatetxeak eta supermerkatuak, eta Ipar Euskal Herriko eta Frantziako bezero saila jaso ohi dute urte osoan; zer erranik ez, beraz, abuztuko asteburu batean. Muga ixtea edo gogor oztopatzea galera handia litzateke merkatari horientzat, baina trafikoa ikusita, badirudi G7ak, bilkura hasi baino ordu batzuk lehenago bederen, ez duela eraginik.

Halako batean, mutil gazte bat agertu da, bisera bat buruan, motxila bat bizkarrean, eta letra larriekin G7 Ez idatzita duen kamiseta bat soinean. Hendaiatik abiatuko den manifestazioa hastear dela kontuan hartuta, atentzioa ematen du. Bertze ekitaldiren bat zegoen Ibardinen? Despistatu egin den ekintzaile frantsesen bat? «Aizu, barkatu. Larhungo bidea non den badakizu?». Borxa Encinas irundarra goizean goiz atera da jaioterritik, oinez, eta eguna mendian pasatzeko asmoa du. «Pixka bat ihes egiteko», erran du txantxetan. Kamisetarena ez da kasualitatea. G7ren inguruko gertakarien berriak jarraitu ditu, eta kontatu du kontragailurrean parte hartzeko aukera izan duela. «Arnaldo Otegiren hitzaldian egon nintzen, goraino beteta zegoen». Irunen Poliziaren presentzia handia ikusi duela azaldu du, eta goizean goiz Behobiako zubi gotortutik kamiseta horrekin pasatu dela, oinez. «Ez didate ezer esan». Larhungo bidea topatu duenean, ibilian jarraitu du.

«Aste osoan egon dira»

Ibardin jaitsi ondoren, Beran ezkerretara hartu, eta Sararako bidean jarraitu du bizikleta martxak, Lapurdirantz berriz. Lizuniagako gainak banatzen ditu bi herriak, eta bidea guztiz libre dago. Polizia bakar bat ere ez inguruan. Saran bertan ere pare bat egun lehenagoko irudietan ikusitako Frantziako Poliziaren ibilgailu sailaren arrastorik ez dago ordu horretan. Hurrengo muga pasabidea Dantxarinekoa da, Nafarroako Urdazubi eta Zugarramurdi herrien eta Lapurdiko Ainhoaren artekoa. Bi probintzien arteko handiena. Foruzain pare bat kontrol lanetan.

Zugarramurdira igota, giro paregabea dago herrian. Frantsesez eta gaztelaniaz mintzo diren turista dezente daude ostatuetako terrazetan. Horietako batean, Ansalas bentan, langileak lanpetuta daude barran barna harat-honat. G7arengatik aldaketa handirik ez dutela sumatu kontatu dute. «Ni Lizuniagatik etortzen naiz, eta ez dut deus ikusi. Foruzain pare bat agian egunen batean, Berruetako bentan [Sara eta Zugarramurdi arteko mugan], baina deus ere». Herrira bisitari gutxiago agertu denik, inondik ere. Lankideak arrazoi eman dio buruarekin keinu eginda.

Ibilaldiak eguneko zailtasun orografiko handiena falta du, Lapurdiko mugako azken pasalekua, Lizarrietako gaina —Sara eta Etxalar (Nafarroa) artean—. Igoera mortua izan da, motorzale bat baino ez da gurutzatu. Kaskoan badago jendea, baina polizien arrastorik ez. Bazkalordua da, eta Lizaieta benta ia beteta dago. Mugaren bi aldeetako herritarrak dira bezero gehienak. Langileak lanpetuta daude, solaserako beta gutxi, baina adeitsu erantzun dute. G7arengatik galdetu eta mendatea lasai dagoela erranda, haiek bertzelako errealitate bat kontatu du zerbitzarietako batek. «Aste osoan egon dira, frantsesak, guardia zibilak, foruzainak... eskuetan, zera... [arma luze bat eusteko keinua egin du]. Iluntzean etortzen dira gehienbat, zortziak aldera. Ez dakit zertarako, hemen ez da autorik pasatzen kasik». Lankide bat gibeletik pasatu zaio, edalontzi batzuekin. «Duela oren erdi hor ziren», erran du.

Behobia, gotortuta

Hala ere, bazkalordurako bidea libre utzi dute. Etxalartik Irunerako bidean, ertzainen lehenbiziko agerpena, Irungo sarreran. Testimoniala. Behobiako zubiak, ordea, zeharo gotortuta jarraitzen du bazkalondoan. Datozen egunetan ez du aldatzeko itxurarik. Helmuga gertu dago, irteerako puntu berbera, Santiagoko zubia. Zirkulazioa libre, baina Frantziako Poliziaren presentzia handia da, istiluen aurkako unitateen ibilgailu sail batena barne. Ordu gutxi batzuk barru hasiko da G7koen bilkura, eta Pirinioetako Hitzarmena indarrean dagoela erakutsi nahi dute Frantziak eta Espainiak. Larunbatak bezala, baina, igandeak ere argituko du, eta Euskal Herriko zikloturistak errepidera aterako dira, lerro ikusezin hori existituko ez balitz bezala gurutzatzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.