Euskal balioa zer den

Ana Urkiza eta Estitxu Garai «euskal marka» osatzen duten balioen inguruan mintzatu dira. Urkizak uste du iraganeko ondarea «eraldatu» behar dela, sortzaileak jarraikiz.

Martin Ugalde foroan parte hartu zuten, atzo, Ana Urkizak eta Estitxu Garaik, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Nola ikusten dute beren burua euskaldunek? Nazioartean zein da euskaldunek duten irudia? Zein dira euskaldunen balioak? Hain zuzen, galdera horiek abiapuntu hartuta, Garen hori liburua argitaratu du, aurten, Ana Urkiza idazleak. Martin Ugalde foroan, Garen hori: euskal marka, izaera eta balioak hitzaldia eman zuen atzo Urkizak, liburua hizpide, Estitxu Garai unibertsitateko irakasle eta publizistaren gidaritzapean. Zortzi sortzaile eta komunikazio arloko zortzi aditu elkarrizketatuta ondu du Urkizak liburua.



Asko dira beren marka lantzen duten herrialdeak: nazioarteko jokalekuan tokia egiteko besteetarik bereizten dituena lantzen dutenak. Urkizaren ustez, hiru elementuk osatzen dute marka: izenak, irudiak eta balioak. Argitaratu duen liburuan, batez ere, balioen inguruko hausnarketa egin du Urkizak, elkarrizketatutako hamasei sortzaile eta adituekin. Sortzaileengana jotzea ezinbestekotzat jo zuen Urkizak, haren arabera kultura baitago balioen abiapuntuan. Garaik nabarmendu zuen marka ez dela soilik bitarteko ekonomiko bat: «Herrialde txikientzat, potentzia handien aurrean tokia egiteko baliabide bat izan daiteke marka». Euskal Herrian balio horiek zein diren aztertu zuten hizlariek.

Garen hori osatzen duten zortzi sortzaileek balio bat nabarmendu dute, bereziki: diskrezioarena. Garaik honela laburbildu zuen: «Komunikatzeko daukagun ezintasuna, emozioak adierazteko muga, eta komunikatzaile txarrak izatea ere aipatzen dute sortzaileek. Hots, gure balioak zein diren adieraztea ere kostatzen zaigu». Ezintasun horiez jabetzea lehen urrats bat da, Urkizaren arabera. «Kostatzen zaigu mahai gainera eramatea sentitzen duguna, ikusten duguna, nahiko genukeena, eztabaidara eraman nahiko genukeena; beharbada, ez dugulako ahalmenik batzen gaituzten elementuak identifikatzeko. Premia ikusten dugu, baina nork jarriko dio katuari kaskabela?», galdetu zuen.

Iraganean iltzatuta

Urkizak eta Garaik uste dute naziogintzan aritzeko ezinbestekoa dela etorkizunean Euskal Herriak izango dituen markak finkatzea, araberako ibilbidea egiteko. Alta, «tradizioaren pisua» handia da, horien arabera. Kasurako, Urkizaren obran, sortzaile gehienek Jorge Oteiza zizelkariaren figura aipatzen dute, euskal balioen inguruan galdetuta. Urkiza: «Jorge Oteizaren garaian geratu gara». Hala, beharrezkotzat jo zuen «ondarea eraldatzea, etorkizunera begira». Galdetu zuen: «Zergatik ez dugu orain beste Oteiza bat?».

Etorkizunera begira jartzeko premiarekin bat egin zuen Garaik: «2021ean zer balio dugun jakitea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da pentsatzea 2050ean zer balio izan nahi ditugun». Balio horiek, Garairen arabera, «justizia sozialean eta feminismoan» oinarritu daitezke, adibidez.

Urkizak uste du «trantsizio une» batean dagoela euskal gizartea, eta iraganeko ondarea «eraldatzeko premia» dagoela. Sortzaileak ikusten ditu eraldaketa horiek egiteko «prest». Dena den, euskal gizarteak, «bere aniztasunean», balioen inguruko hausnarketan parte hartu behar du Urkizaren arabera, sortzaileen lana «onesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.