Espetxea ez da jolasteko tokia

Irati eta Izadi umeak espetxean bizi dira, preso dauden gurasoekin batera, eta, 3 urte bete ondoren, haiengandik banatuko dituzte. Haien kasua salatzeko lanean ari dira zenbait herritar.

Bi haur, Irati Etxebarria umearen aldeko ekitaldi batean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Izadik 2 urte bete berri ditu. Iratik 3 beteko ditu aurki. Espetxean daude biak ala biak, Aranjuezen (Espainia): Beatriz Etxebarria eta Iñaki Zapirain euskal presoen alaba da Irati, eta Izadi, berriz, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrezena. Bi umeen eskubideak defendatzen dituzten plataformak eginahalak ugaltzen ari dira azken asteotan, eta, adibidez, Irati Gurasoekin Euskal Herrira izeneko dinamikak Jira eta bira ekitaldia egingo du gaur Bilbon. Bestelako irizpideen gainetik, umeen eskubideek erabateko lehentasuna izan behar dutela pentsatzen dute plataformetako kideek, eta prest daude afera honetan babesgabeen daudenei babesa emateko.

Gurasoak kartzelan dituzten haurren kasua espetxe politikaren alderik lazgarrienetako bat da, eta hori areagotzen da umeak oso txikiak direnean. Hiru urte bete arte, amarekin egoteko aukera izaten dute, baina espetxean, umeentzat oso egokia ez den ingurune batean. 3 urte betetakoan, berriz, espetxea utzi behar dute, eta horrekin, amaren magala ere bai.

Hori da, esaterako, Iratiren kasua, Eztizen Artola Iturratek (Bilbo, 1999) dioenez: «Irati gurasoekin bizi da kartzelan, nahiz eta, COVID-19aren ondorioz, aitarekin ez den egon iazko urtarriletik; martxoaren 8an 3 urte beteko ditu, eta, Espainiako legeak hala aginduta, gurasoengandik banatuko dute. Irati Bilbora etorriko da, eta ez dakigu gurasoak nora bidaliko dituzten».

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformako kidea da Artola, eta azken hilabeteetan mota guztietako ekitaldiak egin dituzte, batez ere hiru eskakizun plazaratzeko: «Euskal Herriko espetxeetan familientzako modulu mistoak eraikitzea, ulergaitza egiten zaigulako zelan ez duten kontuan izan ume eta familien eskubideak errespetatzea espetxe berrietan, kontuan hartuta adibidez Zaballako espetxea 2011n zabaldu zutela; bigarrenik, espetxearen zaintzapeko pisuak sortzea ere proposatzen dugu, gurasoak eta umea elkarrekin bizi ahal izateko; eta hirugarren eskaera da bide horietakoren bat erabilita Irati eta bere gurasoak Euskal Herrira ekartzea».

Etxe alokatu batean

Izadi ere Aranjuezen dago, familientzat atonduriko moduluan, baina lehenago Picassenten egon zen (Herrialde Katalanak). Han, senideek noizbehinka kalera ateratzen zuten, apurka-apurka ohitzen joan zedin; horretarako, etxebizitza bat alokatu behar izan zuten espetxearen ondoan.

Pandemiaren etorrerak hankaz gora bota zituen proiektu horiek guztiak, eta Izadi ez da espetxeetako hormetatik landa atera joan den martxotik. «Gurasoen asmoa zen Gabonetan atera zedila eta egun bat Euskal Herrian eman zezala, baina ezinezkoa izan da. Urtebete falta zaio ateratzeko, eta oso harreman gutxi izan du kanpoan bere familia izango denarekin», esan du Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kide Itxaso Torregrosa Arteagak (Burlata, Nafarroa, 1985). Iratiri gertatu bezala, Izadik ere ez du aitarekin egoterik izan azken hilabeteetan.

Egoera horiek ikusirik, sentsibilizazioa eta mobilizazioa izan dira jorratutako bideak. Urtarrilaren 23an izan zen Izadiren urtebetetzea, eta hori zela eta, zenbait ekitaldi egin zituzten haren gurasoen herrietan, Burlatan (Nafarroa) eta Algortan (Getxo, Bizkaia). Iratiren aldeko plataformak, berriz, Bilbo «alaitasunez» beteko duen kalejira egingo du gaur, Arriagatik hasita, 17:30ean.

Bide instituzionala ere jorratzen ari dira. Duela gutxi, Bilboko Udaleko talde ia guztiek EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP-IUk Iratiren eskubideen aldeko mozio bat babestu zuten, eta joan den astean, plataformako kideek bilerak egin zituzten Eusko Legebiltzarreko talde nagusiekin. «Nahiko harrera ona egin ziguten», azaldu du Artolak. «Eskaera bat sartu genuen Giza Eskubideen Batzordean, han agerraldi bat egiteko. Ikusiko dugu hortik pausoren bat emateko aukera dagoen». EAEko arartekoarekin ere bilera egin dute.

Irati eta Izadi gurasoekin Euskal Herrira ekarri nahi dituzten plataformetako kideek uste dute kasu hauetan umeen eskubideak lehenetsi behar direla: «Umeak eskubidea du libre eta osasuntsu hazteko, bere kulturan, bere hizkuntzan eta bere ingurukoekin. Eta administrazioak bermatu behar ditu eskubide horiek. Askotan entzuten dugu albisteetan administrazioak esku hartu duela eta guraso bati umearen zaintza kendu diola haren eskubideak bermatzeko; kasu honetan, administrazioaren eskumen zuzena da Izadiren ongizatea, eta ez dute bermatzen», esan du Torregrosak.

Plataformakoen ustez, kartzelan umeen eskubideak behin eta berriro urratzen dira: «Espetxea ez da ume batentzako leku egokia, ezta elikaduraren aldetik ere. Izadiren menua gurasoena bezalakoa da. Eta azken asteetako denboralea zela eta hotz izugarria pasatu dute».

«Irati ume bat da, eta umeak babesgabeagoak diren neurrian, jendarteari dagokio haien ongizateaz arduratzea», azaldu du Artolak. «Irati eta bere gurasoen eskubideak urratzen ari dira; injustizia horren aurrean ezin gara geldirik egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.