Kartoiak egin die harrera

Etxegabeentzako baliabide gehiago eskatzeko, otsailaren erdialdetik ostegunero egin dute lo kalean Donostiako zenbait herritarrek. Haien egoera «jasangaitza» dela salatu dute.

Etxegabeen egoera salatzeko pankartak egin dituzte. OIHANE PUERTAS RAMIREZ.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Egunak ez du argitu oraindik, eta txorien txioak baino ez dira entzuten Donostiako Gipuzkoa plazan. Bi pankartak zeharkatzen dituzte Diputazioaren aurrean dauden arkuak. Dena mantso doa, sufrimendua bizi dugu jartzen du batean; bestean, aldiz, Inor ez da ilegala. Aldarri horien atzean daude ia 30 pertsona, kartoien gainean eta lo zakuen eta manten azpian lo.

Otsailaren erdialdean hasi, eta, ordutik, ostegunero egin dute lo kalean Donostiako zenbait herritarrek, besteak beste etxegabeentzako baliabide gehiago jar daitezela eskatzeko.

Kalean elkarrekin lo egiten duten zorgitzarren osteguna da, eta, besteetan bezala, 07:00etan hasi dira bata bestea esnatzen. Pixkanaka eta oso ozen hitz egin gabe joan dira altxatuz eta lo zakuak eta kartoiak gordez. Bitartean, emakume batek beste kartoi bat jarri du lurrean, eta haren gainean hasi da gosaria ateratzen: kafez beterik dauden termoak, madalenak eta opilak, besteak beste. Mantak gainetik kendu gabe gerturatu dira gosaltzera pare bat gazte. «Zer hotz egiten duen»,esan du batek, eta aterpetxea nahi dutela adierazi du besteak.

Izan ere, hori da ostegunero egiten ari diren beste eskaera bat: La Sirena aterpetxea gau guztietan irekitzea. Egun, aterpetxea hotzaren aterpe gisa erabiltzen da, eta, beraz, tenperatura 0 gradura jaisten denean eta izotz arriskua dagoenean bakarrik irekitzen dute.

Carl Dissmann boluntarioaren arabera, ordea, ez da beharrezkoa tenperatura 0 azpira jaistea kalean egotea «jasangaitza» izateko: «Gaurko gaua, adibidez, oso gogorra izan da; ez duzu lo egitea lortzen». Garazi Muntuski Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kidearentzat ere izan da oso gau hotza, orain arte izan duten «okerrena». Horrela, adierazi du ez duela ulertzen zergatik egoten diren itxita erabil daitezkeen espazioak, La Sirenaz gain dauden beste aterpetxeetan ez baitago tokirik: «Oso leku gutxi dago, eta beti daude beteta». Dauden baliabideak, beraz, «ez dira nahikoa», eta gehiago jartzeko eskatu dute: batetik, espazio fisiko gehiago nahi dituzte, eta, bestetik, diru laguntza gehiago, pertsona horiek logela bat alokatzeko aukera izan dezaten. Etxegabeek janaria ere ez daukate bermatuta Donostian. Ukrainako egoerarekin, baina, ikusi dute «baliabideak egon badaudela». Horregatik eskatzen dute baliabideak «denontzat» izan daitezela, eta «ez jatorriaren arabera» banatuak.

Donostian 200 bat pertsona daude etxerik gabe, eta, horietako batek azaldu duenez, «lan egitera edo bizitza hobe baten bila» joaten dira. Hemen, ordea, «kartoiekin egiten diete harrera». Izan ere, baliabide falta dela eta, gazte migranteek lehenengo hilabeteak kalean pasatu behar izaten dituzte.

Boluntarioak hasi dira pixkanaka plazatik joaten. «Orain, bakoitza bere etxera doa; baina gu nora goaz? Kalera. Ez daukagu etxerik, ez daukagu janaririk, ez daukagu arroparik. Ez daukagu ezer. Bizitza hau ez da ona», dio gazte batek.

Azken osteguna izan da hau, eta, egitasmoari amaiera emateko, elkarretaratzera deitu du Harrera Sareak biharko, udaletxean, 12:00etan. Bertan elkartuko dira, besteak beste, udalak ez duelako «ezer ere egin» arazoa konpontzeko, eta herritarrek aterpetxea zabaltzeko eta oinarrizko beharrak betetzeko eskatzen jarraituko dute. Protesta moduan, giza kate bat egingo dute, lo zaku, manta eta kartoiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.