Udalak kaleko argiztapena itzuliko dio Errekaleorri

«Gutxieneko zerbitzua» denez gero, udalak argiztapena eskaini behar diola azaldu du Gasteizko Udalbatzako idazkariak, EH Bilduk galdetuta

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Errekaleorrek kaleko argiztapena berreskuratuko du. Hala jakinarazi du Gasteizko Udalak. Ohar bidez ezagutarazi du aintzat hartuko duela udalbatzako idazkariak egin dion eskaera: hots, auzoari kaleko argiztapena itzuliko diola, udalak eskaini behar duen gutxieneko zerbitzua delako. Gorka Urtaranen udal gobernuak ez du zehaztu noiz eta nola itzuliko dion argia auzo okupatuari. Ordea, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ezarritako segurtasun eskaerak beteko dituela, baita udalaren txosten teknikoak ere.

Gasteizko EH Bilduk eskatuta ikertu du udaleko idazkariak Errekaleor auzoak maiatzaren 18tik bizi duen egoera; egun horretan, Iberdrolak argindarrik gabe utzi zuen auzoa, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. Idazkariak gogorarazi du udalek gutxieneko zerbitzuak eskaini behar dizkietela auzo guztiei, Tokiko Erregimenaren Oinarrizko Legearen arabera. Bermatu beharreko zerbitzu horien artean kaleko argiztapena dago.

Erroldatutako bizilagunak

Idazkariak txostenean azaldu du auzoko eraikinek trataera berezia dutela. Hain zuzen ere, eremu horri dagokion hirigintza planak jasotzen du eraikinak «epe zehatz batean» botako dituztela, eta hori ere aintzat hartu du. Edonola ere, nabarmendu du jurisprudentziak ez duela hirigintza plana aintzat hartzen, baizik eta udalak bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuak. Are gehiago, gaur egun bertan erroldatutako bizilagunak daudela ezagutarazi du. Argudio horietan oinarritu du erabakia idazkariak, baita gaineratu ere bizilagunek aukera dutela zerbitzu hori eskatzeko.

Gasteizko Udaleko EH Bilduko eledun Miren Larrion pozik agertu da idazkariaren txostenarekin. «Egindako kaltea osa» dezala eskatu dio Gorka Urtaran alkateari, udalak argindarra itzultzeko erabakia hartu aurretik: «Lehengo urratsa izatea nahiko genuke». Hain zuzen ere, Larrionek hausnartu du «elkarrizketarako eta elkarbizitza finkatzeko» garaia heldu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.