Kartzela egin duten uhartea

Lesbosen (Grezia) 12.000 iheslari bizi dira euren etorkizuna argituko duen erabaki baten zain. Azken egunetako gertakari lazgarriek begi bistan utzi dute bertako errealitatea.

Moriako kanpamentuko errefuxiatu batzuk sua itzali nahian, joan den igandean. STRATIS BALASKAS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Berriz ere, Grezia bilakatu da errefuxiatuek Europara sartzeko darabilten ate nagusia. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 36.000 iheslari inguru iritsi dira Greziara 2019an; huskeria 2015eko «errefuxiatuen krisian» jaso zituzten 850.000 iheslarirekin alderatuta. Arazoa, ordea, iheslariok ez atzera ez aurrera geratzen direnean sortzen da, euren esku ez dagoen erabaki baten zain.

Halaxe daude Moriako errefuxiatuen kanpamentuan, Lesbosen (Grezia), Turkiako kostatik hamar kilometro eskasera. 3.000 pertsona sar daitezkeen gunean, 12.000 baino gehiago dira gaur egun —%40 adingabeak—. Gobernuz kanpoko erakundeak bertan duten egoera lazgarria salatzen ari dira, eta azken egunotako gertakariek agerian utzi dute kanpamentuko errealitatea. Joan den astean kalean lotan zegoen haur bat hil zen kamioi batek harrapatuta; ohikoak dira kanpamentuko biztanleen arteko istiluak; eta astelehenean bi hildako —emakume bat eta haur bat— eta 21 zauritu eragin zituen bizileku gisa darabiltzaten kontainer batean sortutako sute batek.

Errefuxiatuen eta Poliziaren arteko istiluak eragin zituen ezbeharrak, eta negar gasa eta granada itsutzaileak erabili zituen Greziako Poliziak manifestarien aurka. Egoera egonkortu dela dirudi, baina iheslariek argi dute euren giza eskubideak ez direla bermatzen Morian, eta hori salatzeko manifestazioak egin dituzte aste barruan.

Zaporeak GKEak Lesbosen duen proiektuaren koordinatzailea da Malen Garmendia. Gogor hitz egin du Moriako kanpamentuko egoeraren inguruan: «Errefuxiatuen kanpamentu deitzen diegu, baina kontzentrazio esparru modukoak dira». Garmendiaren arabera, gainezka egoteaz gain kanpamentua ez dago egokituta bertan pertsonak «modu duinean» bizi ahal izateko. Askok lurrean egiten dute lo, eta, hainbat GKEren kalkuluen arabera, batez beste komun bat dute 90 pertsonako.

Bertan, iheslariak ez atzera ez aurrera daudela salatu du, Europako Batasunaren erabakiak itxaroten: «Kartzela moduko bat da Moria uneotan. Europak behin eta berriz ematen die bizkarra. Itxaroten ari dira, ez dakite oso ondo nork ireki behar dizkien ateak, eta eurek ezin dute esku hartu egoera hobetzeko». Badira Morian bi edo hiru urte daramatzaten errefuxiatuak, Afganistandik datozenak gehienak —9.000 inguru—.

Horrek «etsipena eta euren arteko tentsioa» sortzen du, are eta gehiago ez dituztenean aseta euren oinarrizko beharrak. Hor sartzen da jokoan Zaporeak taldearen lana. Janariari dagokionez, catering enpresa bat arduratzen da Moriako errefuxiatuei jaten emateaz, baina, Garmendiaren arabera, «bi eta hiru ordu itxaron behar dira janari hori jasotzeko—jasotzen badute—, ez da janari nutritiboa, ez da duina eta, batzuetan, 100 gramo inguruko otorduak banatzen dituzte». Zaporeak erakundeak jaten ematen dien 2.000 errefuxiatuei 400 gramo inguruko anoak banatzen zaizkie. Militarrek kudeatzen dute Moriako kanpamentua, eta, Zaporeak erakundeko ordezkariak azaldu duenez, «nabaria» da bertako zuzendaritzaren eta catering enpresaren arteko ustelkeria. «Besteen miseriatik nor aberastuko den dago jokoan».

Argi du azkenaldiko gertakariak Moriako egoeraren ondorio direla: «Europak behin eta berriz ematen die bizkarra, eta, azken finean, errefuxiatuak dira; babesa behar dute, ez horrelako tratua».

Gobernuaren neurriak

Greziako Gobernuak azkar erantzun zuen sutearen eta istiluen ondoren. «Migrazioen presioa» murrizteko neurriak iragarri zituen Mikhalis Chrisokhoidis Herritarren Babeserako ministroak, eta helburu jakin bat ezarri zuen: 2020rako 10.000 migratzaile itzultzea Egeo irletatik Turkiara. Horretarako, mugetako kontrolak gogortuko dituzte, baita itsas patruilak areagotu eta asilo eskubiderik ez dutenentzat zentro batzuk ireki ere, besteak beste. Gainera, asilo politikoen eskaeren tramitazioa azkartzeko lege proiektu bat ere iragarri zuen datorren egunetarako. Eztabaida piztu du lege proiektu horrek zaurgarritasun hitzaren definizioan proposatzen duen aldaketak: arazo psikologikoak dituztenak, adibidez, ez dituzte talde horretan sartuko.

Egeo eta Lesbosko guneen okupazioa bi hilabetean arindu nahi du Mitsotakis kontserbadorearen gobernuak. Gainezka daude Samos eta Kioseko kanpamentuak ere: 700 pertsonarentzako lekuan, 5.000 eta 3.000 daude, hurrenez hurren.

Neurriok ez dira mesedegarriak izango iheslarientzat. Garmendiaren arabera, «asiloa jasotzeko prozesua bizkortuko da, ezezkoak gehiago izateko eta kanporatze prozesuak azkarrago egiteko». Euren herrialdeetara deportatuko dituzte asko. Beltza da, beraz, gaur egun Grezian dauden errefuxiatuen egoera, baina ez du itxura hobea etorkizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.