Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zentzugabekeria

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Kontua bihurritzen ari da. Ostegunean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bi epai eman zituen, eta horrek korapilatu egin du, lehenaz gain, hauteskunde jokalekua.

Lehen erabakia hau izan da: behin-behinean, otsailaren 14rako deitzea Kataluniako hauteskundeetara, hasieran ezarri bezala. Gogoratu ezazue alderdi politiko guztiak, PSOE izan ezik, bat etorri zirela hauteskundeak maiatzaren 30era aldatzeko. Okerrena zera da: diotenez, beren buruari otsailaren 8ra arteko epea jarri diote behin betiko erabakia hartzeko. Zehazki, horrek esan nahi du hauteskunde kanpaina urtarrilaren 29an hasiko dela eta litekeena dela handik egun batzuetara bertan behera gelditzea.

Auzitegiak ez du eman inolako azalpenik ea zergatik ezin duen bizkorrago erabaki. Oraindik astebete luze falta da hauteskundeak hasi baino lehen, eta, ikusirik hauteskunde eguna noiz izango den ziur ez jakiteak zer eragozpen sortzen dituen burokrazia, antolakuntza eta ekonomia aldetik, logikoena litzateke auzitegiak erabakiren bat hartzea, alde batekoa edo bestekoa, baina kontuak are eta gehiago korapilatu baino lehen. Auskalo, ordea, zer logika darabilten jaun horiek.

Batek daki, zeren, egun horretan bertan, beste erabaki polemiko bat ere hartu baitu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak: Esquerra Republicanako Bernat Sole kontseilaria inhabilitatzea, hots, hauteskundeak administratiboki antolatzeko ardura duena. Egia da sailburu horrek bere karguan jardungo duela erabaki hori behin betikoa izan bitartean, helegiteak jarri eta gero, baina, esaterako, oraintxe ez dago batere argi hautagai izan ote litekeen, eta bigarren zen Lleidako hautagaitzan.

Hain zuzen, Agramunteko alkate zela urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumean parte hartzeagatik inhabilitatu du. Pertsona pare batek tokiko aldizkari batean egindako adierazpen soil batzuk nahikoa argudio izan dira halako erabaki larria hartzeko.

Gogoratu dezagun, zentzugabekeriaren zentzugabekeriara jota, legezkoa dela erreferendum bat egitea; are gehiago, esplizituki despenalizatua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.