Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Akrobatikoa

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gure ofiziokide Francesco Olivok, Turingo La Stampa egunkarian aritzen den kazetari bikainak, Kataluniako politika «akrobatikoa» dela idatzi zuen behin. Badakizue, Maria eta Martxelo: Italiako kazetariek dohain literario paregabea dute. Hagitz ongi idazten dute, eta beti aurkitzen dute begiak zabaltzen dizkizun adjektiboa.

Eta asmatu egiten dute, gainera. Ez baitakit Europan ba ote den nire herrialdekoa baino politika akrobatikoagorik. Aste honetan gertatzen ari denak hala erakusten digu, bertze behin.

Jada ez dakigu gobernua osatzeko negoziazioak zertan diren. Joan den asteburuan, Juntsek erran zuen hagitz gutxi falta zela ERCrekin berriz ere koalizio gobernua osatzeko. Horri erantzunez, Esquerrak iragarri zuen negoziazioak eten eginen zituela, eta bakarrik gobernatzen saiatuko zela; orduan, Comukoekin negoziatzeari ekin zion, haiek ere bat egin zezaten CUPek eta Esquerrak aitzinetik lortutako hitzarmenarekin. Eta ERC, CUP eta Comukoak akordioa lortzekotan zeudela zirudienean, CUPek hiruko bilera bat eskatu zien Junts-i eta ERCri, indar independentisten artean gutxieneko akordio bat egiteko. Gutxieneko akordio hori lortu eta gero, Comukoek utzi zioten negoziatzeari. Eta kontua are gehiago katramilatzeko —espero dut BERRIAren eta Nòs Diario-ren irakurleak oraindik ez zirela galduko—, PSCri zer bururatuko, eta ERCri proposatu dio gobernua osatzeko hitzarmen bat egitea, Comukoekin batera; hori bai, Illa izanen litzateke presidente.

Baliteke proposamen hori harrigarria iruditzea, baina aritmetika argia da. Hauteskundeak ez zituen ERCk irabazi. Tarte txikiarekin, baina PSCk irabazi zituen. Esquerrak presidentetzarako hautagaia aurkezten ahalko du baldin eta bloke independentistaren buru bada; izan ere, bloke hori koherentea da, eta, kide guzien artean, behar bezainbertze boto dituzte. Baina gobernu independentista lortzen saiatu ezean, Aragonesek Illak baino eskubide gehiago ote du?

Egoera akrobatikoa da berriz ere. Eta erlojua puntu kritikora hurbiltzen ari da. Presidentea izendatzeko azken eguna maiatzaren 26a da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.