Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nazioa hedabideek egiten dute

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan, Espainiako Gobernuak azken minutuan erabaki du oraindik parlamentuan ez aurkeztea Ikus-entzunezkoen Legea, zeina argi eta garbi kaltegarria den gure hizkuntzentzat. Espainiako Gobernua boto beharrean dabil, Esquerra Republicanaren eta EH Bilduren botoen beharrean bereziki, eta badirudi premia horrek mirari txiki bat eragin duela: PSOEri ulertarazi dio hobe duela su hori ez piztu. Ikusiko dugu nola bukatuko den dena, baina uste dut polemikak balio beharko lukeela gehiagotan ohar gaitezen zer-nolako garrantzia duten ikus-entzunezkoek iruditeria nazional bat sortzeko garaian.

Esaldi ezagun batek dioenez, haren hedabideak noraino, nazioa haraino. Ez da zehatz-mehatz hori, baina ulertzen da. Portbou eta Cervera, adibidez, Kataluniako bi herri dira, eta herrialdea Espainiaren eta Frantziaren artean banatzen duen mugaren alde banatan daude. Giza materiala, nolabait errateko, berbera da, baina desberdintasun erreala hagitz handia da; neurri handi batean, hedabideengatik. Adibidez, Portboun futbola da nagusi, eta Cerveran, errugbia. Telebistak hori zabaltzen duelako. Portbouko ikus-entzule batek badu Huelvako eguraldiaren berri, baina ez Perpinyakoaren berri. Eta Cerverakoak jakinen du zer eguraldi eginen duen Kemperren, baina ez Gironan. Eta dena horrela.

Telebista autonomikoak sortu izanak panorama zabaldu zuen 80ko hamarkadan, eta horietako zenbaitek lan paregabea egin zuten absurdo horri ñabardurak gehitzeko edo harekin hausteko orduan. Baina aldi positibo hori eten egin zen telebista pribatuak agertu zirenean —ez baitzitzaien inolaz ere eskatu gaztelania ez bertze hizkuntza ofizialik errespeta zezaten—, eta Valentzian TV3, Nafarroan ETB, eta Galizian Portugalgo telebista kateak debekatu zituztenean. Interneten eta plataforma digitalen sorrerak are gehiago zaildu du egoera; beraz, premiazkoa da lege hau baliatzea hizkuntza pluraltasunaren alde egiteko, kate pribatuen kasuan egin ez zen bezala. Espero dut Madrilgo botoek horretarako balio izanen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.