Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Macronen bertigoa

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzek aldatu egin dute bigarren itzuliaren jokalekua. Emmanuel Macron egungo presidenteak espero zuen nahiko erraz lortuko zuela berriz hautatua izatea, fronte errepublikano klasikoa osatuta orain ere. Haren kalkuluen arabera, bigarren itzulian Le Peni egin beharko zion aurre, eta ezkerreko eta eskuineko alderdi guztiek botoak oparituko zizkioten, eskuin muturraren garaipena eragozteko.

Ondo egin ditu kalkuluak, baina hein batean bakarrik. Hain zuzen, Le Peni egingo dio aurre Macronek bigarren bozaldian, baina lehen itzuliko emaitza espero baino konplexuagoa da askoz ere. Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa alderdia bigarren itzulira pasatzeko zorian egon da, gertu izan baitu Le Penen boto kopurua: hark baino milioi erdi boto gutxiago bildu zuen. Eta horrek bestela marraztu ditu hautaketa horren mugak, zeinean, bide batez esanda, katalanok eta euskaldunok apenas dugun zeresanik, gure barrutien pisu demografiko txikia dela eta.

Abstentzioa da Macronek orain duen arazoa, ezkerrak abstentziora jotzea. Jokalekua ez da egokiena izan Macronentzat, eta oposizio garrantzizko bat sortu da: boto emaile ezkertiar batzuk Macronen politiken aurka daude oso, eta ez dute modu sutsuan eskatuko haren aldeko botoa.

Presidentetzarako hauteskunde hauetan, hiru boto emailetik bik —eskuin muturrekoak, alde batetik, eta Frantzia Intsumisoa alderdikoak, bestetik— guztia porrokatzeko bozkatu dute, Macron historiaren zakarrontzira botatzeko helburuz. Eta, horregatik, egungo presidenteak kalkuluak egin beharko ditu, kalkulu asko. Betiko alderdiak, nolabait esateko, desagertu egin dira: gaullistak, alderdi sozialista eta alderdi komunista, denak batera, ez dira iritsi botoen %10era ere. Eta eskuin muturrekoak batuta, Macronekin berdinduta daude. Beraz, igandean egungo presidenteari inork garaipena ematekotan, Melenchonen aldekoek emango diote. Hala egingo al dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.