Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zer egin diezaioketen Kataluniari

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak lurrikara politiko eta ekonomiko txiki bat eragin du aste honetan. Morenok, diotenez PPko talde moderatuaren parte den horrek, bertan behera utzi ditu oinordetzen eta ondarearen gaineko zergak Andaluzian, eta, lotsarik gabe, katalanei eta bereziki enpresari katalanei eskatu die Andaluziara joateko bizitzera. Are, iragarri dutenez, Andaluziako Gobernuak ordezkaritza bat irekiko du Bartzelonan, hemengo herritarrak han erroldatu daitezela edo hara bizitzera joan daitezela lortzeko asmoz; egia esan, ez dago oso argi zer nahi duten.

Imajinatu, Maria eta Martxelo, zer gertatuko litzatekeen Kataluniako Gobernuari bururatuko balitzaio halako zerbait egitea. Edo Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bat irekiko balu Madrilen eta aho betean esango balu madrildarrak Euskal Herrira ihes egitera bultzatzeko pentsatuta dagoela, han utz dezaten dirua. Izugarrizko eskandalua izango litzateke, dudarik gabe.

Bistakoa da Morenoren erabakian eragina izan duela Espainiako bataila politikoak, eta, alde horretatik, antikatalanismoa beti saltzen da ondo. Eta demagogia ere bai. Azken batean, Andaluziak halako erabaki bat hartu izana zentzugabekeria hutsa da, eta ez da oso ulergarria, jakinda horren ondorioz urtean 359 milioi euro jasotzeari utziko diola eta kontuan hartuta estatuak urtero baliabide gehigarriak eman behar izaten dizkiola iraun ahal izan dezan.

Alde horretatik, konparazioa ezin mingarriagoa da. Katalunia da estatuari baliabide gehien ematen dioten lurraldeetan bigarrena lehenengoa Madril da, baina, dakizuenez, ez da kontuan hartzekoa, hiriburutza baliabideak direla eta. Baina, Katalunia baliabide gehien ematen duten lurraldeetan bigarrena izanik ere, hamalaugarrena da baliabide gehien jasotzen dutenen zerrendan urtero lapurtzen dizkiguten 20.000 milioi euro ospetsu horiek. Andaluzia, berriz, hamahirugarrena da estatuari gehien ematen diotenen artean, eta hamargarrena gehien jasotzen dutenen zerrendan. Madrilek nagusiki Kataluniatik eta Valentziatik xurgatzen duen diruari esker.

Eta, hala ere, Juanma Morenok zilegi du esaten duena esatea eta egiten duena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.