Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Prozesuak aitzinera segitzen du

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ez dut zalantzarik BERRIA eta Nòs Diario-ren irakurleentzat harrigarria izan dela, neurri batean behintzat, ikustea ERC eta Juntsen arteko koalizio gobernua bukatu dela. Harrituko ez dira bada, hemen ere nahasi samar gaude eta.

Nahasiak gaude, ez hainbertze gertatu denagatik, baizik eta emaitzagatik. Gaur-gaurkoz, honela daude gauzak Kataluniako Parlamentuan: gobernuaren aldeko 33 diputatu independentista daude, ERCkoak; oposizioko independentistako 41, Juntsekoak eta CUPekoak; Comuko zortzi, itxuraz gobernuarekin ongi moldatzen direnak, eta 53 diputatu espainolista. Gehiengo osoa izateko, 135 eserleku horietatik 68 behar dira, eta Esquerrak 33 bertzerik ez ditu, aise gutxiago.

Edozein modutan, eta zenbaitek hauteskundeetara deitzea galdegin duten arren, ERCk aitzinera segitzea eta bakarrik gobernatzea erabaki du: bakarkako gobernu horretan, PSCren, CiUren eta Comukoen hurbileko batzuk ere sartu ditu, behin baino gehiagotan independentzia prozesuaren kontra agertutakoak. Bat-bateko erabaki horrek are nahasmendu handiagoa piztu du.

Nolanahi ere, garrantzitsua da gauza bat ulertzea: zenbaitek independentzia prozesua hila dela baieztatu dute berehala, baina ez da hala.

Hain zuzen, zer pasatzen ari den ulertzeko, irailean gertatutako guziari erreparatu beharra zaio: Diada eguneko manifestazioa arrakastatsua izan da, Esquerraren boikota goiti-beheiti; Errepublikaren Aldeko Kontseiluak ekitaldi hagitz irmoa egin du; iragarri dute ANCk babesturiko herri zerrenda bat osatuko dutela hurrengo hauteskundeetarako; eta Josep Costak aurre egin dio hura epaitzen ari zen auzitegiari. Costaren jarrerak, gainera, zalantza sortu dio bati baino gehiagori, zer arraiotan ibili ote ziren buruzagi independentistak Madrilgo epaiketan.

Izan ere, independentzia prozesua berriz abiarazteko karrikan egindako presio horrexek bultzatu du Junts gobernua haustera, bai eta horretarako ezohiko ariketa bat egitera ere: bozkatzeko aukera eman die militanteei, eta haiek uko egin diote gobernuan segitzeari, nahiz eta zuzendaritzako kide gehienak koalizioari eustearen alde izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.