Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Gezurrak

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Joan den uztailean, milaka kataluniar Estrasburgora joan ziren aldarrikatzeko Kataluniako hiru eurodiputatuk eskubidea zutela parlamentura sartzeko eta beren eserlekuak betetzeko. Oriol Junqueras kartzelan zegoen ordurako, eta ez zioten baimenik eman Estrasburgora joateko; Carles Puigdemontek eta Toni Cominek, berriz, Alemanian gelditu behar izan zuten, Frantziako mugetatik kanpo, ohartarazia baitzieten Espainiako Polizia prest zegoela haiek bahitzeko.

Orduan, Espainiak, estatu gisa, berretsi zuen hiru diputatu hautetsiek ezin zituztela beren eserlekuak bete, aurretiaz ez zirelako Madrilera joan konstituzioaren zina egitera. Europako Batasuneko Justizia Auzitegira bidali zuten auzia, eta diputatu hautetsiek irabazi egin zuten; hala, aste honetan, Puigdemontek eta Cominek beren lehen osoko bilkuran parte hartu dute, Estrasburgon. Junqueras, berriz, espetxeratuta dago oraindik, gaur inoiz baino arrazoi gutxiagorekin.

Baina gaur azpimarratu nahiko nuke, Martxelo, nola Espainiako prentsak, Kataluniakoaren zati batek eta segur aski Euskal Herrikoaren parte batek ere zeresan handia izan duten gai honen inguruko intoxikazioan. Gezurrak esan baitituzte. Gure kideek lotsatuta egon behar lukete hemerotekara joan eta analisiak, informazioak, azalak eta tertulietako komentarioak berrikusita edo berriz irakurrita—modu eztabaidaezinean esaten baitziguten europarlamentuak ez zituela inoiz onartuko hiru diputatu horiek—, baina horrek, gainera, gogoeta eginarazi behar lieke gure gizarteei.

Albert Camusek eta Jean Danielek, kazetari libre gisa, Frantziako gizartearen gehiengoari aurre egin ziotenean Aljeriaren independentziaren inguruko informazioen harira, Camusek zera idatzi zuen: «Gizartea, distrai dezan onartzen badio ohorerik gabeko prentsa bati, lasterka doa esklabotasunerantz». Espainiak gogoeta egin beharko luke horren inguruan, ikusita zenbat gezur utzi dituen agerian auzi honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.