Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Gaizki ari gara

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aste honetan, Europako zenbait gobernuk neurri gogorrak hartu dituzte koronabirusaren bigarren olatua deitzen dioten hori gelditzeko —zientzialari askok ezbaian jartzen dute kontzeptu hori; izan ere, izurriak ez dira olatuka agertzen, azaldu dutenez—.

Nire herrialdean, Andorrako Gobernua eta Kataluniakoa bat etorri dira tabernak eta jatetxeak ixtearekin, besteak beste. Eta nahiz eta Perpinya —gutxigatik— libratu den Parisek ezarritako gaueko etxeratze-aginduetatik, mehatxua iparraldera ere hurbiltzen ari da.

Neurriak beharrezkoak direla ez dut zalantzarik. Oraindik txertorik eta sendabiderik ez dugula izango ikusita, urruntze sozialaren bidez soilik kontrola daiteke egoera. Baina gero eta kezkagarriagoa da neurriok zer gogor astintzen dituzten herritarrak. Enpresa txikiak, autonomoak, dendak gurpil zoro estresagarri batean sartu dira: ez dakite zer egin izan ahalko duten, ezta noiz egin ahalko duten ere, eta beldur dira, beste kolpe bat noiz etorriko.

Eta arazoa zera da, gobernuek, guztiek, ahaztu egin dituztela martxoan mahai gainean jarri ziren gaiak: esaterako, gutxieneko errenta bermatzea, itzuli beharrik gabeko maileguak ematea edo zerga guztiak kentzea. Neurri horiek krisia arintzeko balio lezakete.

Kontua da zigorra oso handia dela. Batez ere aspalditik datorrelako, eta herritarrek hogei urte luzez jasan behar izan duten presioari gehitzen zaiolako. Aurrena, New Yorkeko eta Washingtoneko atentatuen ondorioak izan ziren, 2001ean. Gero, 2008an, finantza krisi handi hura etorri zen. Eta orain, 2019an, oraindik azken krisia gainditu nahian ari ginela, koronabirusaren krisia iritsi da.

XXI. mendeak, ikuspegi honetatik begiratuta, beldurra ematen du. Benetan. Izan ere, hiru krisi horien ondorioak garbiak dira—nahiz eta oraindik ez dakigun oraingo hau nola amaituko den eta noraino iritsiko den—. Desberdinkerien gorakada ondo dokumentatuta dago, eta gero eta garbiago dago enpresa txikiak, dendak eta auzoei eta hiriei bizia ematen dien egitura soziala lehiakortasuna galtzen ari direla. Gaizki ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.