Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Traperoren sententzia

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez dut uste gogorarazi beharrik dagoenik —are gutxiago, hemen, Martxelo— Espainiako Auzitegi Nazionala salbuespeneko auzitegi bat dela, ibilbide beltzekoa, eta Espainiako justiziak ohituta gauzkala erabaki eta prozedura argi eta garbi politikoetara —egunotan bizi-bizi ikusten ari zarete zuen herrialdean, Maria—. Esana doa aurretik. Baina garrantzitsua da aste honetan argitaratu duten sententzia: horren bidez, Mossos d'Esquadrako burua eta beste goi kargudun batzuk absolbitu egin baitituzte autodeterminaziorako erreferendumaren garaiko jarrerarengatik leporatu dizkieten delituetatik.

Garrantzitsua da, bai: izan ere, prozesuaren epaiketa deitutako horren kontrasententzia moduko bat da, benetako bonba bat deep state horren barruan, eta ondorio nabarmenak eragingo ditu Europan, hango justiziak gero gainbegiratzen eta, aurreikustekoa denez, bertan behera uzten duenean Auzitegi Gorenak egindako guztia.

Hala, sententziak gezurtitzat dauka Guardia Zibila, haren ikerketa dela eta. Epaian diotenez, akusazioak oinarritzat zituen hiru egitateak «ez datoz bat errealitatearekin». Auzitegi Gorenaren sententziak «jendetza liskartiak» aipatzen ditu, denak ere botereaz jabetzeko ahaleginean; Auzitegi Nazionalak, berriz, manifestazio politiko legitimotzat dauzka. Eta Auzitegi Gorenak larritzat jotzen du mossoen jarduera, estatua ez dutelako kolpeka defendatzen; Auzitegi Nazionalak, berriz, Poliziaren beraren irizpideen aplikazio demokratiko eta koherentea dakusa, eta gogor kritikatzen du Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak indarkeria neurrigabe baliatu izana herritarren kontra. Eta, argi eta garbi, ez dago ez sediziorik, ez matxinadarik, ezta antzeko beste ezer ere.

Sententzia horrek, bada, Auzitegi Gorena ere estu hartzen du Espainian bertan, behin Europako auzitegiek irmo eta behin eta berriz estu hartu eta gero. 2017an, deep state-ak erabaki zuen aurrerantzean denak balio zuela independentzia prozesua geldiarazteko; hain zuzen ere, Rubalcabak argi eta garbi adierazi zuen: «Horretarako behar den prezioa ordainduko du estatuak». Nonbait, hasiak dira benetan ordaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.