Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Illa

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Maria maitea, Martxelo maitea, espero dut atseden pixka bat hartzeko tartea izan duzuela egun gorabeheratsu eta zail hauetan. Pandemia eta tokian tokiko hainbat krisi nahikoa ez, eta Estatu Batuetako matxinada trumpistak are gehiago konplikatu du egoera kezkagarri eta kudeatzeko zail hau.

Hala eta guztiz ere, hemen hauteskundeak dira eztabaidagai nagusia, nahiz eta ez dagoen batere argi otsailaren 14an egingo ote diren. Zuen herrialdeetan gertatu bezala, agian beste egun batean egin beharko dira, osasun egoera dela eta. Uste dut eztabaida horri baretasunez heldu behar zaiola, eta datuak eskuan izanda; hortaz, ez dut espekulatuko.

Azken egunetan bi albiste garrantzitsu izan dira Kataluniako hauteskundeen inguruan. Albiste nagusia eta, dudarik gabe, inportanteena, zuk ondo adierazi bezala, Martxelo,PSOEk hautagai izateko Salvador Illa aukeratu izana da. Illak PSOEren hegalik eskuindar eta espainolistena ordezkatzen du, baina negoziatzaile iaioa ere bada; hain zuzen, alderdi independentisten eta Moncloaren arteko harremana kudeatzeko joan zen Madrilera. Orain, batzuek uste dute Illak, hedabideetan nonahi dabilen honetan, garaipena ere ekar diezaiokeela PSOEri otsailaren 14an. Eta horretarako modua emango luke Juntsen eta ERCren arteko banaketak, 2018an Ciudadanosen garaipen pirrikoari bide eman zion bezala.

Bigarren albistea da Juntsen hautagaitzak gorakada handia izan duela eta, horren eta Illaren albistearen ondorioz, aurreikuspenak aldatu egin direla: lehen, denok espero genuen Junquerasenek alde handiz irabaziko zutela, eta, orain, aintzat hartu behar dugu goialdean hiruko berdinketa bat egon litekeela, zenbait inkestak jada hautemana baitute hori. Juntsek lortu du zenbait talde bere inguruan biltzea, besteak beste Democrates taldeko demokristauak eta Moviment d'Esquerresko sozialistak; abalen bilketa tour de force bihurtu du, eta ondo atera zaio: 5.000 sinadura behar zituen, alderdi berri gisa aurkeztuko delako, eta 52.000 lortu ditu. Beraz, begi bistakoa da indartsu ekingo diola kanpainari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.