Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Molac'

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Asteburu honetan, Baionan eta Perpinyan, eta estatuko beste hiri batzuetan ere bai, manifestazioak eta protestak egin dituzte Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea zentsuratu izanaren aurka. Lege horrek esparru juridiko hobe bat ematen zuen euskararen eta katalanaren defendatzeko, bai irakaskuntzan, bai bizitza publikoan eta sozialean; eta testuari izena ematen dion Paul Molac diputatu bretoiaren irmotasunaren emaitza izan zen, baina baita ehunka elkartek egindako lanaren emaitza ere; horien artean, Martxelo, zure herrialdeko ikastolek eta nire herrialdeko La Bressolak eta Kataluniako beste hainbat eskolak egindako lanarena.

Gure hizkuntzak berreskuratzearen aldeko borroka ez da berria, ezta okzitanieraren, bretoieraren, flandrieraren, Alsaziako alemanaren eta korsikeraren aldekoa ere. Duela hamarkada batzuk ere egin genuen borroka horren alde. Baina oraingo honetan, Konstituzio Kontseiluak egindakoak xehetasun berri batzuk eman ditu, eta xehetasun horiek adierazi dute iparraldean ere sakontasun eta garrantzi handiko gauzak mugitzen ari direla.

Lehenik, Frantziako Asanbleak legea onartu izana, 247 diputatuk alde bozkatuta eta 76k bakarrik kontra —nahiz eta Hezkuntza ministroa aurka egon—. Garaipen handia izan zen hori. Gero, maniobra zikin eta ez oso argiak egin zituzten 61 sinadura lortzeko, konstituzionalera eramateko behar ziren sinadurak baino bat gehiago. Han, bederatzi teknikarik konstituzioaren aurkakotzat jo dute legea. 61 sinatzaileetatik 53 Pariskoak izateak izugarrizko eskandalua eragin du, eta osagai politiko argi bat erantsi dio printzipioz batzuek eztabaida kultural gisa soilik aurkeztu nahi zutenari.

Ikusiko dugu nola amaitzen den atal hau. Batzuk konstituzioa erreformatzeaz hitz egiten ari dira, bigarren artikulu negargarria ezabatzeko, eta horrek, berez, argi adierazten du Frantziako Estatuan ere gauza batzuk ezin direla besterik gabe onartu—Espainian galiziarrei, euskaldunei eta katalanei segika dabilen hizkuntza hilketaren baliokidea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.