Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bi gutun

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bi gutunen argitalpenak baldintzatu du aste honetako aktualitate politikoa: Oriol Junquerasena da eskutitzetarik bat, eta Jordi Sanchezena bertzea, eta polemika nabarmena piztu dute.

Badirudi indultuak aurki emanen dituztela, eta hori formalki-edo onartzeko modu bat izan dira gutun horiek. Baina bertze baieztapen batzuk ere badira eskutitzetan, eta zenbaitek zinezko lurrikara eragin dute.

Esquerra Republicanako buru Oriol Junquerasek, bere gutunean, argi adierazi du uko egiten diola aldebakarreko bideari, eta baieztatu du estatuarekin negoziatzea dela modu bakarra Kataluniaren eta Espainiaren arteko arazo politikoa konpontzeko.

Sanchezen eskutitzari dagokionez, hauxe baieztatu izanak sortu zuen polemika: haren erranetan, Urriaren Lehena ez zen planteatu independentzia gauzatzeko erreferendum gisa, baizik estatua estu hartu eta harekin negoziatzeko bitarteko soil gisa.

Bi baieztapen horien eta indultuak onartzearen ondorioz —kontuan harturik, gainera, presoek ez zutela deus ere jakin nahi horiei buruz berriki arte—, analisi eta eztabaida sutsuak sortu dira.

Eta hori guzia orain gertatu izanak ere izan du eragina. Bai hemen eta bai kanpoan. Hemen diot, duela gutxi arte Pedro Sanchez ezin zelako Bartzelonara lasai etorri ere, baina aste honetan Aragones presidenteak adeitasunez egin diolako harrera non-eta patronal unionistak Godoko kondea, hau da, La Vanguardia kazeta unionistaren jabea omentzeko antolaturiko ekitaldi batean.

Eta kanpoan ere oso gauza garrantzitsua gertatu da. Europako Kontseiluko batzorde batek ebazpen bat onartu du, eta osoko bilkurara igaroko da orain: ebazpen horretan, gaitzetsi egin dute Espainiak Kataluniako krisiaren kudeaketan izandako jarrera, eta eskatu dute presoak berehala aska ditzatela eta erbesteratuak itzul daitezela.

Albiste horrek izugarrizko inpaktua izan du Madrilen, eta, dirudienez, lotura estua du indultuen auzia bizkortu izanarekin. Preseski, sozialistak behin eta berriz erraten ari dira Europak berehalako aldaketak egitea galdegin duela. Baina jende anitzek zalantzak ditu ea buruzagi independentistak kartzelatik ateratzea izanen ote den aldaketa bakarra, ahalegin handia egin baita urte hauetan aldaketa horiek erdiesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.