Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Izenak ere egiten du izana

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Barkatuko didazu, Maria, zure esparruan sartuko bainaiz gaur, baina zinez atentzioa eman zidan Feixoo presidenteak nazio eztabaidan Blokeari eraso egin izanak zergatik-eta zuen nazioa izendatzeko Galiza toponimoa erabiltzeagatik, Galicia erabili ordez. Batzuek argudio gisa erabiltzen dute legeak dioela Galicia dela izena eta horrexegatik ezin dela onartu beste izendapenik, baina hori ez da frankismoaren hondar oraindik bizien beste erakusgarri bat baino. Haiek, kasu honetan PPkoak, oraindik ere sinetsita daude legea demokraziaren gainetik dagoela.

Bada, gai horretan sartu naiz, hain justu, gure herrialdean ere badugulako horren adibide paradigmatiko bat, nire ustez interesgarri suerta dakiekeena Nós Diario-ren eta BERRIAren irakurleei: País Valenciano toponimoaz ari naiz; ezin hobeto erakusten baitu Espainiako eskuinaren setakeria, espainolismoak manipulatzeko duen gaitasuna, eta legea barrikada bihurtzen duen mentalitate frankista hori.

Valentziako estatutua eztabaidatu zenean, eskuinak egundoko istilua sortu zuen, izenaren harira hain zuzen. Tradizio modernoaren eta frankismoaren kontrako borrokaren tradizioaren arabera, País Valencià izendatu behar genuen geure burua, baina, izenaren nazionaltasuna histeko, eskuinak temaz egin zuen aspaldiko erreinu tituluaren alde; harik eta ohartu ziren arte izen hura are separatistagoa zela berez. Orduan, Comunidad izendapen ergela asmatu behar izan zuten, zeina,asmatu zuenak berak urte batzuk geroago aitortu zuenez, kirtenkeria galanta izan baitzen.

Orduz geroztik, ordea, nahiz eta estatutuak maiz aipatzen duen País Valenciano, behin eta berriz antolatzen dituzte hala sorgin ehizak nola Feixook aurreko hartan Ana Pontoni eginzion zirkuaren antzeko sesioak.

Sempre en Galiza saiakeran —ezen ez Sempre en Galicia—, Castelaok bete-betean asmatu zuen nola ohartarazi halako pertsonaiei buruz: «Ez zaitezte harritu, borrokatzen ari garen sistemaren kontuak baitira hauek, eta egokitu zaizkigun garaietako kontuak». Hari egokitu zitzaizkion garaietako kontuak, bai, baina baita, bistan denez, guri egokitu zaizkigunetakoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.