Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Pintza

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ikusi duzue, Maria eta Martxelo: PSOE eta Podemoseko diputatuek «sudurrean pintza jarrita» eman diete botoa PPk Auzitegi Konstituzionaleko kide izateko proposatu dituen hautagaiei. Batzuek beren aldetik jo dute, segur aski latza zelako kiratsa eta ezin zutelako eraman, baina gehienek,meneko, bi pertsonaia ezin doilorragoren alde bozkatu dute. Espainiako diputatuek eta hedabideek nabarmendu dute Espainiako ezkerra deseroso sentitu dela Enrique Arnaldoren izendapenarekin; katalanentzat, ordea, Concepcion Espejel okerragoa da kasik.

Arnaldo pertsonaia iluna da, bai, arrunt iluna, eta zenbait ustelkeria kasutan nahasita dago, Palma Arena kasuan bereziki. Frogatuta geratu da, gainera, garai batean lasai ederrean urratu zuela botoa eman dion gorte horren beraren estatutua, zenbait batzordetan aholkulari juridiko gisa lanean aritu zen aldi berean aritu baitzen aholkularitza enpresa pribatu batean ere, noren-eta Jaume Matas presidentearen aholkulari. Hori dena aintzat hartuta, ez dirudi eredugarria denik Espainiako auzitegi nagusiko kide bati dagokion eran. Orain, ordea, zurigarri gisa esan ahalko du ez zela, bada, hainbesterako izango, PSOEk eta Podemosek botoa eman diotenez gero. Amatxo maitea!

Concepcion Espejel, berriz, PPren eskumakila izan da Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, beti, erabaki politikoez baliatuz egin du aurrera bere ibilbide judizialean. Guadalajarako Auzitegira, adibidez, Aznarren zuzen-zuzeneko gomendioz iritsi zen. PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide ere bihurtu zuen, alderdi horri eragiten zioten ustelkeria kasuak kontrola zitzan. Handik, Auzitegi Nazionalera jauzi egin zuen, eta epaile aritu zen Altsasuko gazteen eta Pablo Haselen kasu sonatuetan, besteak beste. Espejel izan zen, halaber, Mossos d'Esquadrako buru Josep Lluis Trapero epaitu zuen auzitegiko presidentea, eta 461 orrialdeko boto partikular erridikulu bat idatzi zuen hura sedizioagatik kondenatzearen alde, nahiz eta sententzia, 96 orrialdekoa, hura absolbitzearen aldekoa izan.

Gure hiru herrialdeetako indar nazionalista eta independentista guztiak, BNGtik hasi eta Compromiseraino, kontra azaldu zaizkie hala izendapen horiei nola PPk inposatutakoa irensteko PSOEk eta Podemosek erakutsi duten otzankeriari. Baina kontua da erregimenaren laguntxoek baiezko botoa eman dutela. Eta, sudurrean pintza jarri badute ere, hortxe ditugu orain bi pajaro horiek, Konstituzionalean eserita. Ikasbide erabatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.