Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Asanblea

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako Errepublikaren Aldeko Kontseiluaren Ordezkarien Asanblea lehenbizikoz bildu zen iragan igandean, Canet de Rosellon. Ordezkarien Asanblea parlamentu bat da, eta 121 kide ditu, joan den hilabete akabailako hauteskundeetan aukeratuak. Hautetsiek CUPeko zinegotzi Ona Curto hautatu zuten Ordezkarien Asanbleako presidente, eta Maria Costa eta Jordi Pesarrodona izendatu zituzten presidenteorde: Costa Ipar Kataluniako herri bateko alkatea da, Banys de Arlesekoa; Pesarradona, berriz, Urriaren 1eko errepresaliaturik ezagunenetako bat da, ERCko zinegotzi izandakoa, eta, egun, Independentistes d'Esquerres taldeko kidea.

Hemendik aitzinera, Asanbleak bere barne araudia onartu beharko du, eta, gero, Kontseiluko presidentea hautatu; orain, Carles Puigdemont dago kargu horretan.

Nolanahi ere, iruditzen zait xehetasun jakin batzuk baino gehiago zera interesatuko zaiela euskal eta galiziar irakurleei, errepublika instituzionalizatzeko prozesu bat izatea hau, behin-behineko erakundeak izanen dituena eta 2017ko independentzia aldarrikapenaren legitimitatea oinarritzat hartuz gauzatua. Eta interesatuko zaizkiela horrek dakartzan aldaketa teorikoak ere.

Aldaketa nagusia da guztiz bereizi izana kudeaketa autonomikoa eta estatu berriaren eraikuntza. Frogatu baita bateraezinak direla. Asmoa da Kataluniako gutxiengo nazionala antolatzea, errolda baten bitartez, eta errolda horretan ageri direnek gobernu erakunde demokratikoak edukitzea, autodeterminaziorako eskubidea eskatu ahal izateko Europako itunetan eta nazioarteko legedian jasotzen diren eskubideetan oinarrituz, eta ez Espainiako barne legedia aintzat hartuz.

Erroldatuen zenbatekoa da eredu ezin interesgarriago eta berritzaile horren ahulgunea, Akilesen orpoa. Oraintxe, artikulu hau idazten ari naizenean, 101.652 lagun daude erroldatuak. Anitz dira, baina 2017ko autodeterminazio erreferendumean parte hartu zutenak baino aise gutxiago: 2.286.217 parte hartzaile izan ziren orduan. Proiektua sortzeko moduak eta boikot alderdikoiek ez dute lagundu orain arte. Ikusiko dugu Asanblea martxan jartzeak aldatzen ote duen dinamika hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.