Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kazetaria hiltzea

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Egunkarietako erredakzio asko urteetan bildutako detailez beteta daude, gauzaz, objektuz beteta, eta halakoek erredakzioaren historia kontatzen dute, hor lan egin dutenen anekdotak: akreditazioak, posterrak, sariak, denetik pixka bat.

Baina oroitzapen horiek ez dira beti atseginak izaten. Batzuetan, errepresioarekin zerikusia izaten dute, kazetaritza egiteko zailtasunekin, modu batera edo bestera zailtasun horiek denok estutzen baikaituzte.

Duela urte batzuk, Qatarren, bereziki harritu ninduen Al-Jazeeraren erredakzioak. Bagdadeko katearen bulegoko hainbat altzari zeuden erakusgai, besteak beste; Estatu Batuek jaurtitako misil batek suntsitu zuen bulego hura. Arropa laranja ere bazegoen, kateko kazetari batek urteetan erabilitakoa Guantanamon preso zegoela. Baita Libian erail zuten berriemaile baten patrikan aurkitutako kazetari txartela eta argazki batzuk ere. Eta drone batek jota suntsitutako telebista kamera bat.

1996. urtetik, guztira Al-Jazeerako hamasei kazetari hil dira lanean ari zirela: bi Iraken, bat Libian, beste bat Yemenen eta zazpi Sirian. Azkena, aste honetan bertan, Xireen Abu Akleh: Palestinan hil dute, Israelgo Armadak tiro bat jota.

Abu Akleh kateko kazetaririk ezagunenetariko bat zen, bai arabierazko katean eta bai ingelesezkoan. Palestinarra zen jaiotzez, eta kristaua. Urte asko zeramatzan Jerusalemen lanean, eta hori da katearen korrespontsal posturik garrantzitsuenetako bat; hain zuzen ere, nazioarteko edozein kateren korrespontsal posturik garrantzitsuenetako bat.

Ezerk ezin du justifikatu edozein herrialdetako armadak zibil bat hiltzea. Inondik inora ere ez. Baina, normala den bezala, hil dutena kazetaria denean egoera oso berezia bilakatzen da niretzat. Eta ziur nago horretan guztiz ados gaudela, Maria eta Martxelo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.