Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Katalunia operazioa'

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Txikitan, telebista bakarra ikusi ahal nuen, Espainiakoa, eta, arratsaldeetan, gerra propaganda hutsa zen programa bat ematen zuten, Por tierra, mar y aire izenekoa. Marrazki bizidunen tarte txiki baten aurretik ematen zuten; garai hartan, halakoxea zen telebista, ez zegoen ematen ziguten huraxe besterik, eta ez zegoen ez aurrera ez atzera egiterik. Hala, egun batean, galdera egin nion aitari, ea zer demontre esan nahi zuen esaldi bitxi hark, «lehorrez, itsasoz eta airez» zioenak, eta zera azaldu zidan, dena emanda guztiaren kontra ekiten zutela esateko modu bat zela, horixe zelako armaden funtsa, eta ez besterik.

Aste honetan zenbait froga eta ezagutarazpen argitaratu dira, Espainiako Estatuak prozesu independentista gelditzearren gutxienez 20014tik egin dituen mugimenduen ingurukoak, eta «itsasoz, lehorrez eta airez» esamoldea ekarri didate gogora. Izan ere, eraso, denari erasotzen diote, zirrikitu bat bera ere uzteke.

Aste honetan kontu ugari izan ditugu: nola estatuko estoldek froga faltsuak asmatu zituzten sinetsarazteko ezen Artur Masek, Xavier Triasek eta CiUko beste zenbait buruzagik atzerrian dirua zutela; eta nola gero zenbait komunikabidek —zalantzazkoa bada ere izen hori merezi dutenik— froga horiek argitaratu zituzten hauteskunde kanpaina betean, haiei zigor politiko bat egokiarazteko asmoz. Baita lortu ere azkenean.

A-9ko kontsulta instituzionalaren ostean, dena zen balekoa jada, eta estoldak bizi-bizi hasi ziren lanean, egunen batean dena osorik aztertu ahal izatean seguru asko txundigarri iritziko zaion erritmoan. Espainiako Estatuak beti-beti lehorrez, itsasoz eta airez eraso egin izan dio, erasotzen dio eta erasoko dio gauzak aldatzeko edozein saiakerari, edota gaur egun dituen mugak berrikusteko edozein konponbide demokratiko posibleri. Eta ikusirik zer gertatu den A-9az geroztik, argi dago, gainera, ez dela ezer aldatzen PPk edo PSOEk agindu. Lehorrez, itsasoz eta airez ekiten diote batzuek. Lehorrez, itsasoz eta airez besteek.

Eskerrik asko, Martxelo eta Maria, Vilaweb-i eskaini dizkiozuen hitz atseginengatik. Eta zorionak, Maria, Sermos-ek egindako lan handiarengatik, eta haren ondoren orain Nòs Diario-k egiten duenarengatik. Egia da, bai: haiek lehorrez, itsasoz eta airez eraso egiten digute, baina gu geu ere egoskor ari gara gure nazioak eraikitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.