Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Orain bai, orain ez

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen gobernuak harrituak utzi zituen bai etxekoak eta bai kanpokoak irailean, bat-batean Europako Parlamentuari eskatu baitzion baimena eman zezala osoko bilkuretan katalanez aritu ahal izateko.

Bolada hartan, Sanchezek beharra zuen Kataluniaren aldeko keinuak egiteko, eta, egia erran, gehienek keinu hustzat hartugenuen, sekula gauzatuko ez zen antzezpentzat.

Nolanahi ere, ez genuen askorik pentsatuko aste batzuen buruan hain modu lotsagabean gibelera eginen zutela. Izan ere, irailean, eskutitz formal bat bidali zioten Bruselari, Espainiako Gobernuaren izenean eskaera hori egiteko, baina, hara non, sozialistek PPrekin eta Voxekin bat egin dute aste honetan, Madrilek ez dezan egin eskaera.

Zaharra da trikimailu hori, eta ezaguna. Europak ez du erabakitzen zer hizkuntza diren ofizialak: estatuek, estatu bakoitzak adierazten dio zer hartu ofizialtzat. Baliteke batzuetan halako auziek traba egitea edo buruhausteak sortzea, baina Europako erakundeak ez dira sekula ausartu estatu kide baten irizpidearen aurka egiten hizkuntzen gaian. Aurten, konparazio batera, Irlandako gaelikoa onartu dute Europako Batasuneko hizkuntza ofizial gisa, horrek dakarren guziarekin, Irlandak hala eskatu baitu, nahiz eta bide batez erranda urteetan alde batera utzia izan duen gaia.

Horiek hala, garrantzitsuena ez da Bruselari eskaera helaraztea, baizik eta Madrilek eskaera egitea. Eta horretan datza Espainiako Gobernuaren zinismoa. Bruselara joan, eta erraten dute han katalanez, euskaraz eta galegoz hitz egitea nahi dutela, baina, gero, Madrilen, estatuak eskaera ofiziala egitearen aurka bozkatzen dute, eta, hala, eragotzi egiten dute itxuraz haiek eskatzen duten hori bera gauzatzea.

Aspaldikoa da kontua. 2004ko apirilaren 15ean, kargua hartzean emandako hitzaldian, Jose Luis Rodriguez Zapaterok hitzeman zuen Europako Batasunari eskatuko ziola gure hiru hizkuntzak ofizialtzat hartzeko. Hemezortzi urte pasatu dira jada, eta, ordutik, berririk ez. Harik eta Sanchezek konpromiso bera hartu, eta hilabeteren buruan hitza jan duen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.