Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Errege

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako erregeak Bartzelonara egindako bisita izan da aste honen bereizgarria, Gironako Printzesa sariak ematera etorri baita. Hain zuzen, toponimia nahaste bera interesgarria da bere hartan. Sari horiek Gironan eman ohi zituzten, harik eta autodeterminazioari buruzko erreferendumak egoera okertu zuen arte. Hainbeste, non inork ez baitzion inongo gunerik laga edo alokatu nahi izan monarkiari, eta, azkenean, landako jatetxe batean egin behar izan zuten iaz.

Oraingo honetan, monarkiak pentsatu zuen Bartzelonara ekartzea ekitaldia, eta, hala, Gironan agertzeari uko egitea behin betiko. Hala eta guztiz ere, ez zen samurra izan kontua. Lehenik eta behin, uko egin ziotelako hirigunean sartzeari; lokal pribatu bat alokatuta etsi behar izan zuten, saudiar milioidun batena, zeren eta jende hori bai baita laguna.

Ez hori bakarrik, isilean gorde zuten noiz etorriko ziren eta nola etorriko ziren, bai eta non lo egingo zuten ere, baina horrek ez zuen galarazi haren kontrako manifestazio jendetsu bat egitea, zeinak zapuztu egin baitzien festa, eta gonbidatuei sarrera galarazi, platea goraino beterik eta lehen solairua erdi hutsik uzteraino.

Baina, jada denak barruan zirelarik eta txaloaldi luze bezain kortesiazkoaz egina ziotelarik Felipe VI.ari —laidoaren astuna arindu nahian—, saria emateko ordua heldu zen, eta hara non bost sarituetako katalan bakarrak, agertokira igo, eta xingola horia zuen paparrean. Xingola, zuhurki, agertokira igo aurretixe jarria zuen; presioak edo mehatxuak saiheste aldera, seguruenik. Den-dena da, bisitaren inguruan gertaturiko guztia, ezinago esanguratsua, eta agerian utzi du Katalunian monarkiaren inguruan den giroa. Huraxe da, inkesten arabera, iritzi okerrena pizten duen instituzioa, beti. Eta jarrera hori ez da ez aldatuko aste honetan gertatutakoaren antzeko show-ekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.