Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Mila esker

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostiralean harri eta zur geratu nintzen ikusi nuenean BERRIAk Vilaweb zoriondu zuela, papereko edizioan, gure hedabideak 25 urte bete dituela eta. Egun berezi-berezia izan zen guretzat ostirala: emozioz bete gintuen gure herrialdeko txoko guztietatik iritsi zitzaigun aitortza eta estimu zaparradak, baina BERRIAk egindako keinua oso-oso berezia izan zen, eta eskerrak eman nahi dizkizuet, nahiz eta horretarako aste honetan lapurtu beharko dudan espazio hau, zuk eta biok gure herrialdeetan zer gertatzen den irakurleei esplikatzeko erabili ohi duguna.

Vilaweb abiarazi genuenean, duela 25 urte, Internet gauza ezezaguna zen guztiz. Eta guk ez genekien oso ondo zertan ari ginen; soil-soilik sumatzen genuen aukera ederra zela kazetaritza hobea, konprometituagoa eta profesionalagoa egiteko, den-dena batera.

Epopeia bat izan dira 25 urte hauek: epopeia bat pasioz bizi izan duguna. Modua eman digu beste herrialde batzuetako jende ugari ezagutzeko, geu bezala autoritarismoaren goraldiaz kezkatuta dagoena eta kazetaritzaren jardunaren bitartez gizarteari hazten laguntzeko ilusioa duena. Haien artean, leku guztiz berezia du BERRIAk.

Izan ere, gauza asko irakatsi dizkiguzue. Europako egunkaririk modernoenetako bat da BERRIA, Europako hizkuntzarik zaharrenean egina. Zuengandik ikasi dugu beste edozein hizkuntzatan argitaratzen diren egunkariak bezain globala izateko anbizioa —gogoan dut zer pozik zeunden Olinpiar Jokoen berri euskaraz eta Pekindik emateak islatzen zuen normaltasunagatik—, eta, era berean, zuengandik ikasi dugu zer-nolako ardura den jakitea hizkuntza gutxituetako egunkariok gakoa garela munduari begiratzeko modu jakin batek iraun dezan. Mila esker irakatsitakoengatik, eta besarkada handi bat BERRIAren irakurleei, harpidedunei eta langileei. Betor askatasuna denontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.