Vicent Partal.
GALEUSCAKO ZUZENDARIAK

Negoziatzea Haselen garaian

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde emaitzen ostean, negoziazioa dator. Beti. Batzuetan nekezago, beste batzuetan errazago. Kataluniaren kasuan, antza denez, korapilatsua izango da. Mahai gainean dituzten askotariko konbinazioen artean, itxura guztiaren arabera, Esquerra Republicanak aukeran nahiago luke CUPen eta Comukoen arteko koalizio gobernu bat osatzera jo, eta ez jakin Juntsekoekin ere ez ote lukeen osatuko. Kanpainan, Junquerasen eta Aragonesen alderdikoek lauko gobernu bat aipatu zuten, baina Comukoek uko egiten diote Junts partaide duen gobernu berean egoteari, eta Juntsek ere ez du ontzat jotzen halako gobernu bati bide ematea, «independentista batzuk» bilduta ere ez litzateke-eta «gobernu independentista bat».

Negoziazioak luze joko du, eta, oraingoz, isilean eta modu diskretuan ari dira. Hala ere, beste zenbait gauza gertatzen ari dira aldi berean, eta litekeena da gertaera horiek negoziazioari eragitea. Pablo Hasel kartzelan sartu orduko herritarrek izan duten erantzunak, batez ere. Badirudi erantzun horrek harritu egin dituela zenbait politikari, nahiz eta nabarmena zen, edo hala iruditzen zitzaidan niri behintzat, zer gertatuko zen.

Kataluniako gizartea errepresioak markatua dago sakonean, errepresio basati baten pean, erdi mailako klaseari erasateraino, ez soilik politikaren bi muturretan daudenei, lehen gertatu ohi zen moduan. Eta izugarrizkoa da nekea, ikusten baita klase politikoa ez dela inondik ere gai errepresio hori geldiarazteko. Egunotan Bartzelonan, Lleidan, Valentzian, Gironan eta Vicen ikusi ditugun irudi horiek, hain zuzen, dinamika horri dagozkio. Gizartearen zati handi batek kaleko indarkeria hori ulertzea, berriz, Espainiako Estatuak ezinbestean pagatu beharreko ordaina da hainbesteko errepresioa erabiltzeagatik, galgarik eta mugarik gabe. Munduan ez dago gizarterik etengabe beste masaila jartzen duenik. Eta Kataluniakoak ere ez du jartzen.

Ikusiko dugu noraino iristen den hau, ea gobernuaren osaerari erasaten dion. Comukoak, Espainiako Gobernuan daudenez gero, gertatzen ari denaren erantzule dira, hau ez baita zoroaldiak jotako epaile batzuen kontu bat soilik. Eta CUPek muturrera jo ohi du beti. Pazientzia, bada, ea zer datorkigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.