Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nortasun agiri errepublikanoa

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Errepublikaren Aldeko Kontseiluak aste honetan abiarazi du nortasun digital errepublikanoa. Nortasun agiriaren antzeko zerbait da, digitala zein fisikoa, eta egiaztatzen du nor edo nor Kataluniako errolda nazionalaren parte dela. Kontseiluak berak sortu du errolda hori.

Ez da ideia originala, baina bai urratzailea. Oraindik etxean gordea dut Estoniako nortasun agiri zahar bat, 1989an sorturikoa, Estonia artean Sobietar Batasunaren parte zenekoa; Herritarren Batzordeak sortu zuen —izena ez zuen batere originala—. Ehunka mila lagunek egin zuten, eskuz eta banan-banan, eta paper puska huraxe bihurtu zen independentziaren aldeko mugimenduaren oinarrietako bat.

Estoniarren tesia —orduan— eta katalanena —orain— bat eta bera dira: nazio gisa autoantolatzea. Errepublikaren Aldeko Kontseiluak jada baditu ia 100.000 pertsona izena emanda herritar errepublikanoen multzoan; argi eta garbi, ez da nahikoa, inondik inora ere, proiektu handi horren xedea lortzeko. Baina gehiago zabaltzen bada, eta hala gertatu da aste honetan nortasun agiri digital hori aurkeztu dutelarik, argi dago erronka ezinago interesgarria ekarriko duela, arlo askotan jo beharrekoa. Lehenik, bat oinarri-oinarrizkoa: nor da katalan? Kataluniako erkidego autonomo espainolean bizi dena, ala katalan izan nahi duena, Herrialde Katalanetan bizi zein beste nonahi. Pentsatzen dut, Martxelo eta Maria, eztabaida berbera plantea litekeela zuen herrialdeetan ere: nor da euskaldun? Nor da galiziar?

Katalunian, nortasun nazional digital hori hertsiki lotua dago berrikuntza teknologikoari, eta honako uste honi: independentziaren prozesuan aurrera egin ahala eraikitzen hasiak garela errepublika digital bat Espainiatik eta Frantziatik erabat aldendua; baita instituzioei dagokienez ere. Uda baino lehen, Kontseiluak hauteskundeetara deitu behar du bere parlamentua osatzeko, bere ordezkarien legebiltzarra, eta modu zeharo telematikoan egingo dituzte bozak, baina formatuan ez ezik funtsean ere oso bestelakoak izango dira: 121 kide aukeratu beharko dituzte; horietatik 40, jardunean ari diren politikariak izango dira, eta gainerakoak, berriz, herritar soilak, nor bere kabuz aurkeztuak, bakoitza bere herriko edo eskualdeko ordezkari moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.