Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Katalunia ofiziala eta erreala

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Frankismoaren ondorengo trantsizioaren garaian, behin eta berriz aipatzen zen Espainia ofizialaren eta errealaren arteko talka. Kontzeptuok gehiegizkoak ziren, eta nik ere gehiegikeriaz erabiliko ditut orain, Kataluniako kasuaz aritzeko. Baina onartu beharra dago, Maria eta Martxelo, irudi gutxi direla hura bezain grafikoak. Eta ederki ulertzen dela zer erran nahi zuten harekin. Horregatik erabiliko dut irudi hori aste honetan: noiz-eta berriz ere elkarri idazten hasi garenean, eta, Mariak dioen bezala, hirurok lehenbiziko aldiz elkartu garenean, hemen, nire herrialdean.

Duela aste bat, Diada bizi izan genuen, eta, joan den asteazkenean, berriz, negoziazio mahai deiturikoaren bileraren lekuko izan ginen. Eta, egia erran, zaila zen berriz ere trantsizioan bezala ez pentsatzea: alde batean Katalunia erreala, eta bertzean Katalunia ofiziala.

Larunbateko manifestazioa paregabea izan zen. Ez bakarrik pandemiak bizi-bizirik dirauen honetan 400.000 lagun atera zirelako karrikara, baita giroagatik ere, batez ere. Politikari katalanek urte eta erdi hau baliatu dute Kataluniako mugimendu independentistaren eskaerak ezagutezin utzi arte urardotzeko. Baina karrikara itzultzeko lehen aukera sortu orduko, saiakera hori ezerezean gelditu da. Mobilizazioaren ardatza independentzia izan zen, hura orain lortzeko beharra.

Eta adierazgarria zen ikustea kaleak berriz hartu zituen jendetza horren artean ez zutela inongo presentziarik izan ez elkarrizketa mahai deiturikoak, ez erreferendumak eta ez amnistiak, hau da, Kataluniako klase politikoaren egungo proiektu izarrek. Manifestazioan, ez zen izan ez pankartarik, ez oihurik, ezta kontrakorik ere: alderdi politikoak ezkutuan ibili ziren, literalki, jendeak ikus ez zitzan, eta ANCk bertze behin erakutsi zuen gaitasun handia duela jendea biltzeko.

Kontrastea asteazkenean etorri zen. Komunikabideek goretsi egin zuten Pedro Sanchezek eta Pere Aragonesek Generalitatean izandako bilera, eta oihartzun handia eman zioten; gehiegizkoa, nabarmen, ikusita egiatan zer izan zen. Eta zer emaitza izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.