Vicent Partal.
GALEUSCAKO ZUZENDARIAK

Hizkuntzan amore ematea

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Aste bereziki gorabeheratsu batean lehertu da bonba. Astelehenean, Kataluniako Parlamentuak aurrekontuak tramitatzea onartu zuen, gobernukideen arteko ika-mika ikusgarri baten erdian. CUP aurrekontu horien aurka zegoen, eta zinez deigarria da hori, kontuan izanik duela urte erdi eskas ERCrekin adostu zuela bi urteko tarte bat utziko ziola bere politikak egiten saiatzeko. Horren ondorioz, ERCk ahalegina egin zuen Comukoek abstentziora jo zezaten, baina Juntsekoei ez zitzaien ondo iruditu. Azkenean, tratua hauxe izan zen: Juntsek aurrekontuak egin, eta Comukoek balekoa emango zieten —Junts bitartean haserre—, eta, trukean, Esquerrak Ada Colauren udal aurrekontuaren alde bozkatuko zuen, nahiz eta iragarria zuen ez zuela onartuko. Duela urte batzuk, gure adiskide min italiar batek, Francesco Olivok, esan zuen Kataluniako politika akrobatikoa dela. Bada, hona hemen, Martxelo eta Maria, horren beste erakusgarri bat.

Eta, giro hartan, handik ordu batzuetara, eztanda egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen judizialaren bonbak, zeinak berekin dakarren bertan behera geratzea Katalunian —ez Valentzian eta ez Balearretan— ustez aplikatzen zen murgiltze linguistikoaren sistema. Egiaz, batzuk aspalditik ari dira kritikatu eta kritikatu eskola askotan gaztelania dela benetan nagusi, legeak agintzen duenaz bestera. Administrazioak, ordea, ez ikusi egin dio errealitateari urteetan, eta bere hartan utzi ditu kontuak. Zergatik? Azken urteetan, alderdi independentistek oker izugarri larri bat egin dute: ez dute kontuan hartu zein funtsezkoa den hizkuntza, katalana, herrialdea egituratzeko. Prozesuaren hasieran, ideia bat zabaldu zuten, gaztelania Katalunian katalana bezain hizkuntza naturala zela alegia, botoren batzuk urratzeko lehia inozoagatik, batetik, eta pobrezia intelektualagatik, bestetik. Kontua da ezen azkenerako, independentzia prozesu politikoa egin den aldi berean, zeharo amore eman dela linguistikoki, eta orain, kolpea iritsi den honetan, badirudi horrek nola erantzun ezin asmaturik utzi duela gizartea, egoera zeharo arriskutsu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.