Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Madril da kontua

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Maria maitea, bat nator guztiz aste honetako zure artikuluarekin. Hain zuzen ere, ez dago zalantza izpirik kontuan hartzen baditugu Espainiako Ogasun Ministerioaren txosten baten datuak, sektore publikoak 2021ean egindako inbertsioen lurraldekako banaketaren ingurukoak. Gurean, Herrialde Katalanetan, datuek min handia egin dute. Katalunian, aurrekontuan bildua zegoenaren %35 baino ez da gastatu, eta Valentzian, %42 baino ez. Madrilen, ordea, %184 erabili dute. Biztanlekako datuetan, Espainiako Gobernuak biztanleko 93 euro inbertitu ditu Valentzian, eta 96 euro Katalunian; Madrilen, berriz, biztanleko 309 euro inbertitu ditu lurraldeka banatutako gastuetan. Eta lurraldeka banatutako gastuak aipatu ditut, lurraldeka banatzen ez diren gehienak ere Madrilentzat izan ohi baitira.

Eskandalua etengabea da, Madrilen agintzen duenak agintzen duela. Eta mendeetan izan da hala, hain justu Madril delako arazoa. Bere garaian, Espainiak erabaki zuen ezer ez zegoen toki batean jarriko zuela hiriburua, inongo komunikazio biderik ez zegoen leku batean. Begira iezaiozue, Maria eta Martxelo, Europako mapa bati. Ia ez dago beste hiriburu garrantzitsurik itsasondoan edo ibai inportante baten ondoan ez dagoenik.

Espainiako hiriburu logikoa Sevilla zen. Edo Toledo edo Lisboa, are Bartzelona ere. Baina habsburgotarren kapritxoak munstro bat sortu zuen, mendeak pasatu ahala inguruan duen guztia janez baino iraun ezin duena. Eta joera hori areagotu egin da azken urteetan, oso modu kezkagarrian. Pasqual Maragallek horren inguruan abisu eman zuen 2001eko otsailean, artikulu bikain batean: Madrid se va (Madril badoa). Presidenteak ohartarazi zuen ezin zela segitu Madrilek estatua irensteko bidetik, eta horretan oinarrituta mugitu zen PSCren oinarri historikoaren parte handi bat independentismora.

Izan ere, Maria, zuk ondo esan bezala, Espainiako gobernuek hauxe egiten dute: penintsula osoari dagokion kapitala ostu, hartara Madril, baliabide propiorik gabeko munstro hori, eta baita haren eliteak ere, esne mamitan bizi daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.