Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hauteskundeak

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bada, hauteskundeak izango ditugu. Oraindik ez dakigu ea Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gauzak zailduko dizkigun eta azken orduan dena bertan behera utziko duen, baina kanpaina hasia da: bitxia, arraroa benetan.

Arraroa, gauza benetan ezohikoez ari garelako. Adibidez, hauteskunde mahaietako kideek badakite 19:00etan norbera babesteko ekipamendua jantzi beharko dutela, konfinatuta dagoen edo COVID-19aren sintomak dituen jendea joango baita botoa ematera. Ez didazue ukatuko, Maria eta Martxelo, irudiak benetan distopikoak izango direla.

Kanpainako lehen polemikak jarri du gero gertatuko denaren tonua. Gobernuak iragarri zuen herritarrek baimena zutela itxialdi perimetrala ez betetzeko kanpainako mitinetara joan nahi bazuten, eta horrek hautsak harrotu zituen: sektore asko haserre azaldu ziren, hori pribilegiotzat jo zitekeelakoan. Hainbat aktorek, adibidez, protesta egin zuten suharki, eta zenbait musikarik iragarri zuten kontzertuak egin beharrean mitinak egingo zituztela aurrerantzean.

Beraz, bi aste oso arraro datozkigu. Eta ohiko kalkuluek ez dute askorako balioko. Esaterako, zertarako balio dezakete inkestek halako kanpaina batean, abstentzio errekor guztiak hautsi litezkeen honetan? Eta nolakoa izango da abstentzio hori? Talde batzuk abstenitu egingo dira eta beste batzuk ez? Baina zer talde? Adin taldeak? Bloke ideologikoak? Tradizionalki, espainiarrek katalanek baino gutxiago parte hartu izan dute hauteskunde autonomikoetan, ez dituztelako hain gertuko sentitzen, besterik gabe. Hala izango al da orain ere?

Hortaz, zuhurtzia handiz betiere, kazetari gehienok uste dugu denon ahotan dabilen Illa efektua ez dela horrenbestekoa izango, eta Esquerra eta Junts oso paretsu helduko direla hauteskundeetara; hainbeste, ezen ezin baita argi eta garbi iragarri nor izango den garaile. Illak arazo bat dauka, pertsonaiaz harago: orain, talde espainolistak lau dira, eta ez 2017ko hauteskundeetan bezala hiru. Hori dela eta, zaila dauka aurrekoan Ciutadansek lortutako 36 eserlekuak lortzea eta, hark egin bezala, Juntsi eta ERCri aurrea hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.