Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Negoziazioa

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernua osatzeko negoziazioa motel doa, eta diskrezio handiz. Oraintxe, badirudi argitzen ari dela zein diren aukerak, eta, teorian, Esquerra Republicana izango da buru, Junts Per Catalunyarekin koalizioa osatuta, eta CUP ere Parlamentuko Mahaiko kidetzat hartuta, baina ez zehazki gobernukide gisa. Comukoak ere batzea nahi du Esquerrak, baina zailxeago dago hori.

Ederki esan duzun bezala, Martxelo, oraintxe mahai gainean dago Mossoetako BRIMO istiluen aurkako unitateen jokabidea. CUPek zinez nahi du auzi hori negoziazioaren parte izatea, baina beste bi alderdiek ez dute halako gogorik, antza.

Nire ustez, aspaldi hartu behar ziren neurriak esparru horretan. Orain, ikusitakoak ikusita, iruditzen zait ezinbestekoa dela brigada hori desegitea, etengabe ezbeharrak eragin ez ezik bortizkeriaz ere jarduten baitute, herritarrek mossoengandik inola ere hartu nahi ez duten tratu bat emanda.

Arazoak, ordea, askoz ere ertz gehiago ditu, eta aldaketak erro-errokoa izan behar du; hori ezin da egin aste edo hilabete gutxi batzuetan. Segur aski, beste polizia eredu baterantz egin behar da, etorkizuneko Poliziak ahalik eta esku hartze biolento gutxien egin dezan eta bitartekaritza lehenets dezan, errepresioaren alternatiba izango diren bestelako konponbide batzuekin batera.

Hona hemen adibide bat, nire ustez ondo ulertzeko modukoa. BRIMOri gehien kritikatzen zaizkion jardunbideetako bat etxegabetzeetakoa da. Halakoetan, Polizia judizial gisa aritu ohi da, baina gobernuak hitzarmen bat egin lezake udalekin, etxegabetuak izatekoak diren familia jakin batzuei laguntza urgentea eman eta beste etxebizitzaren batera eramateko, poliziek esku hartu aurretik. Badakit hala egiten ari direla ez Bartzelonan, baina bai beste udalerri askotan, eta uste dut hori dela bidea: aukera askoz hobea bizilagunei eta haien alde ari direnei aurre egitea baino.

Nolanahi dela ere, mahai gainean dago eztabaida, eta ona iruditzen zait gaurtik bertatik heltzea gai horri, nahiz eta batzuk eta besteak bat ez etorri zenbat pauso eman behar diren hasiera batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.