Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Europa

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Abokatu eta lagun on batek azaldu zidan, asteazken arratsaldean: «Puigdemonti eta erbesteratuei dagokienez, aldea da haiek benetako justizia esparru batean daudela, eta hor legeak betetzen direla, araudiak errespetatzen, gertaerak kontuan hartzen, eta dena aurreikusteko modukoa dela. Guztiz kontrakoa gertatzen da Espainian, non justizia aurreikusi ezinezkoa baita, epailearen nahierara aplikatzen delako, edo haren interesen edo manien gogara. Hori da desberdintasun nagusia, eta erbesteratuek ondo baliatu dute».

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakiaren ingurukoa zen elkarrizketa: onartu egin ditu Puidgdemontek, Cominek eta Ponsatik aurkeztutako kautelazkoak, eta, hala, berehalaxe bueltatu die parlamentuak aurrez bozketa estu baten bitartez kendua zien immunitatea.

Erabakia oso aipagarria da, orain arte auzitegi horrek ez baitu inoiz onartu kautelazkorik suplikatorio bat indargabetuta. Honela azaldu zuen nire lagunak: «Inoiz ez baita horrelakorik gertatu: Espainiak suplikatorioa eskatu zuen haiek zuzenean espetxera bidaltzeko, epaitu gabe, eta, jazarpen politikoa hain zen agerikoa, ezen ezin baitzen disimulatu dirua bidegabe erabili izana argudiatuta ere. Hain zuzen», esan zidan, «begira nola ezarri duen auzitegiak kautelazkoa: ez du itxaron parlamentuak bere bertsioa azaldu arte ere; hori bai arraroa eta ohiz kanpokoa».

Beraz, oraingoz, Juntseko hiru eurodiputatuak libre mugitu ahalko dira Europako Batasunean, Espainiako Estatuan salbu. Baina badirudi anomalia hori behin-behinekoa izango dela. Nire lagunak erantsi baitzuen: «Auzitegiak azkenean erabakitzen badu hiru eurodiputatuei berriz immunitatea ematea, logikoena litzateke haiek galdetzea ea immunitate horrek eragina izango duen Espainian ere, eta auzitegiak ez du izango baietz erantzutea beste aukerarik. Eta, hori pasatzen bada, eurodiputatuek babesa eska diezaiokete parlamentuari: babes ditzatela toki arriskutsuren bat bisitatzen badute». Eta, esan zidanez, horrek esan nahiko luke Bartzelonara itzul litezkeela, EBren babespean. «Baina ez gaitezen hain azkar joan, erbesteak erakutsi baitigu pieza bakoitzak dagokionean erori behar duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.