Puxika puztaile gabe geratu da

Roman Abramovitxi ezarritako zigorrak salgai jarri du Chelsea. Azkar saltzeko desioa moteldu egin da. Bihar amaitzen da proposamenen epea.

Roman Abramovitx ataka zailean dago, salgai jarri du Chelsea. ANDY RAIN / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Roman Abramovitxek19 urte egin ditu Chelseako ugazaba gisa, eta Londresko taldeak haren babesean osatu ditu bere historiako urterik onenak. Aldi horretan urte adina garaikur eskuratu ditu, goi mailakoak guztiak ere. Ukrainako gerra hasi ondotik, baina, zigortua izan da milioidun errusiarra, bere herrialdeko gobernuaren «gertukoa» delako. Horrek eragin zuzena izan du Chelsearengan: ia bi hamarkadatan klubaren puxika puztu duena taldetik kanpo utzi du.

Abramovitxen zigorrak erreskadan heldu dira. Estreina, Erresuma Batuko Gobernuak haren ondasunak izoztu egin zituen, martxoaren 10ean; bi egunera, hilaren 12an Premier League Ingalaterrako futbol ligak Chelsearen gaineko eskubideak ukatu zizkion. Larunbatean ailegatu ziren Europako Batasunarenak, Boris Johnsonek ezarrien trazakoak.

Aitzitik, Abramovitxek aurreikusi egin zuen egoera. Joan zen otsailaren 26an salgai jarri zuen Chelsea, eta, bien bitartean, klubeko fundazioari eman zion hura kudeatzeko ardura. Salmentaren onurak Ukrainako gerrako kaltetuei helarazteko asmoa agertu zuen Abramovitxek.

Bien bitartean, kluba erosteko bost hautagai agertu ziren hasieran: Hansjorg Wyss, gailu ortopedikoen industriako magnate suitzarra; Stephen Ross, AEBetan Txapeldunen Liga igortzen duen sustatzailea —Europako Superligaren bultzatzaileetako bat da—, Jim Ratcliffe, Ineos enpresako ugazaba eta izen bereko txirrindulari taldeko nahiz Niza futbol klubeko nagusia, eta Todd Boehly enpresaria. Azken horrek beste kirol talde garrantzitsu bat du sakelan: Los Angeles Lakers. Bosgarrena Connor McGregor borrokalari profesionala izan zen.

The New York Times egunkariaren arabera, 2.400 milioi euro inguruko eskaintza izan zen oparoena. Eskasegia, salmenta prozesua kudeatzen ari den Raine Group enpresaren arabera. Hain justu, kopuru hori da Chelseak Abramovitxi zor diona, mandatariak bere garaian emandako maileguengatik. Haietatik 1.800 Abramovitxen Forstdam Limited enpresari dagozkio. Aurrez, Forbes aldizkariak 3.000 eta 4.000 milioi artean baloratua du Chelsea.

Salmentaren korapiloa

Kontuak horrela, Raine Groupek bihar arte luzatu du Chelsea erosi nahi dutenen proposamenak biltzeko epea. 200 taldek erakutsidute interesa, eta haien artean bat nagusitu da: Saudi Media Group-ena. Mohammed Alkhereijiren taldeak 3.215 milioi euroko eskaintza egin ei du. Dena den, salmenta prozesua korapilatu egin da azken egunetan.

Erresuma Batuko zigorraren ondotik, Abramovitxek salerosketarako debekua du, eta horrek, egitez, eten egin du salmenta prozesua. Klubari ere eragin dio: Barclays bankuak izoztu egin ditu taldearen kontuak, eta kreditu txartelak baliogabetu ditu.

Beraz, klubak ezin du inolako salerosketarik egin, ezta merchandising edo sarreren salmenten bidezko dirurik jaso ere. Telebista eskubideak ditu diru iturri bakar, eta haiek klubeko langileei ordaintzeko erabili behar ditu.Jokatzen segi ahal izateko, maiatzaren 31ra arteko baimen berezi bat du. Egoera horretan, katramilatua aurreikusten da Abramovitxen osteko Chelsearen egoera.Erostunak hautatzeko prozesuak aurrera segitzen du izenei dagokienez, baina salmentarik ezin da gauzatu oraingoz.

Abramovitxek Londrestik urrun bizi du klubaren jirakoa. Erresuma Batura sartzeko debekua du, eta Europako Batasunak zigor berbera ezarri dio. Ordutik, Israelen egonaldi bat egin du; hango nazionalitatea du, jatorri judua duelako. Baita Portugalgoa ere; 2021ean esleitu zioten, sefardien ondorengo izateagatik. Orain, hura baliogabetzea aztertzen ari da Portugalgo Gobernua. Abramovitx Errusiara bidean da; hango itzalpetik irtenda egin zen ezagun lehen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.