Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Kultura gabe

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aste honetan eratu da Uharteetako gobernua—katalanez, Les Illes esaten diegu, Uharteak, espainolek Balearrak esaten dioten horri, zeren Balearrak esanda bai baitirudi artxipelago bakarra dela, baina bi dira—. Gobernu hori, berriz ere, aurrerabidearen gobernu bat izango da, PSOEk, uharte bakoitzeko nazionalistek eta Podemosek osatua; nolanahi ere, sozialistek aurreko legealdian baino pisu handiagoa izango dute.

Gobernu berriko ezustekoa hauxe izan da: kulturarako sail berezko eta bereizirik ez dela egongo, kontseilaritza handi batean sartu baitituzte hezkuntza eta kultura. Erabaki hori ez da izan, inondik inora ere, jendearen gustukoa, zeren, gainera, Valentziako Gobernuak aurreko legealdian hartutako eta honako honetan berretsitako erabakiaren antzekoa baita. Oraintxe Uharteetan gertatzen den bezalaxe, Valentzian ere ez dago kultura kontseilaritzarik bere hartan: haren egitekoak beste departamentu handi baten barruan daude, eta sail horrexetan sartua dago, besteak beste, hezkuntza ere.

Kezka handia piztu du bi gobernu horiek halako urrats bat egin izanak. Aurreko legealdian, adibidez, Valentzian, argi eta garbi geratu zen hezkuntza arloak eguneroko lan guztia jaten ziola Marza kontseilariari. Vicent Marza da, hain zuzen, gobernukide onenentzat jotzen direnetako bat, baina egunak 24 ordu ditu, eta zenbait gauza egitea, besterik gabe, ezinezkoa da, hala nola norbere burua bitan zatitzea, aldi berean bi lekutan egoteko.

Jakina, bi gobernuek makina bat zuribide erabili dituzte erabakia justifikatzeko: besteak beste, esan dute kulturari ez zaiola arretarik kenduko. Azalpen horiek, ordea, ez dute inor askorik gogobete; batetik, gizarteari bidaliko zaion mezua ez delako ona; baina, bestetik, hain justu kulturaren munduak protagonismo itzela izan zuelako PPren gobernuaren garairik latzenetan, hala Valentzian nola Uharteetan, herrialdea defendatzeko orduan. Eta ez dirudi bidezkoa denik orain lan horri ordainik ez ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.