Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntzak

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
La Llagosteran gertatutakoak, Martxelo maitea, Maria maitea, antz handi samarra du Espainiako Estatuaren parte handi batean gerta litekeenarekin, egunero gertatzen denarekin. Haiei, espainiarrei, ez zaie gustatzen aitortzea, baina haien estatuak, oraingoz gurea ere badenak, nazio aniztasunik handiena du egungo Europako herrialdeen artean, Errusia kenduta hura ere kontuan hartzen badugu. Eta ez zaie aberasgarria iruditzen: arazotzat daukate. Horixe da guztiaren gakoa.

Azken batean, biztanleen erdiak baino gutxixeago jaio gara jatorriz gaztelaniaz egiten ez den eremuetan. Eta ez naiz ari hizkuntza propio ofizial bat duten sei autonomia erkidegoez bakarrik hiru lurralde katalan, bi euskal lurralde eta Galizia. Gure enklabe linguistiko partikularrez ere ari naiz: katalanari dagokionez, Aragoiko Franja de Ponent eta Murtziako Carxe; eta galizierari dagokionez, Gaztela eta Leongo Bierzo eta Sanabria, Asturiasko Eo-Navia eta Extremadurako Jalamako Harana. Gogoan izatekoa da Aran ibarra ere, non okzitanieraz hitz egiten den, eta baita asturieraren, leoneraren eta aragoieraren lurraldeak ere, ia errekonozimendu ofizialik gabeak. Eta ez dira ahaztu behar Espainiak Afrikan bere agindupean dituen bi hirietako jatorrizko hizkuntzak: arabiera eta amazigera.

Aniztasun horren guztiaren atzean, logikoa denez, hainbat eta hainbat egoera ezkutatzen dira. Baina, ondo erreparatuta, beti dago ezaugarri komun bat: Espainiako Estatuarentzat, gaztelania ez diren hizkuntzak beti dira arriskutsuak bere batasunerako. Eta horren froga da tematuta dagoela hizkuntza horiei aurrera egiten ez uzten, ezta pixka bat ere, nahiz eta hilzorian egon. Horren erakusgarri da asturiera hizkuntza ofizial izatearen aurka dagoela, haren hiztun askok modu eredugarrian eta etengabe eskatu izan duten arren. Eta tema hori islatzen dute gauzarik sinpleenetan izan dituen beste jarrera batzuek ere: besteak beste, jazarka ibiltzen da aragoierazko toponimiaren eta errotuluen kontra, oraintsu berriro Uesca aragoierazko izenarekin gertatu den bezala.

Eta, hizkuntza guztien aurka badaude, zer ondorio atera dezakegu, ez bada hizkuntza guztiak suntsitzeko asmoa dutela? Historikoki hala izan da, basatiago edo sigi-sagatsuago, garaiaren arabera. Gaur egun ere hala da, eta etengabeko polemikek hori agerian utzi besterik ez dute egiten. Estatuaren porrotaren froga ere bada hori. Frankismoaren ondorengo trantsizioan, irudi zezakeen estatuaren aniztasuna onartzen zutela eta elkarbizitza espazio bat sortu nahi zutela, baina, egun, bistakoa da ezin dutela. Ez dira kapaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.