Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Adinkeria eta koronabirusa

2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gaur egun edonork daki zer diren arrazakeria, matxismoa edo homofobia, diskriminazio mota oso ezagunak baitira, baina gehienek ez dute inoiz ezer entzun adinkeriari buruz. Osasunaren Mundu Erakundeak modu honetan definitu du adinkeria: «Adinaren arrazoiagatik adin handiko pertsonei eragindako diskriminazioa da. Adinekoei leporatzen zaizkien estereotipoak, mitoak eta aurreiritziak ere adinkeria dira».

Edonoiz eta edonon antzeman ditzakegu horrelako jokabideak, esate baterako, zahar guztiei gorrak balira bezala hitz egiten diegunean edo adineko pertsona bat gidatzen ikusten dugunean bururatzen zaizkigun ideietan.

Koronabirusaren agerpenak nabarmen azaleratu du gizartearen adinkeria. Pandemia hasi zenean, komunikabideek eta politikariek behin eta berriz errepikatzen zuten gaixotasun arina zela, zaharrentzat izan ezik. Telebistako saioak ikusterakoan beti pentsamendu berbera nuen: zirudienez, ez zen gauza larria, pertsona nagusiak bakarrik jotzen zituelako. Ideia hori biztanleria lasaitzeko erabiltzen zen, baina ez dira zaharrak biztanleriaren zati? Bai, badira, oso zati handia eta fisikoki ahulena, gainera.

Jakin dugu autonomia erkidego batzuek eskatu dutela zahar etxeetako pertsonak ospitaleetara ez eramatea, osasun zerbitzu horiek gainezka ez egiteko asmoz; adinkeria instituzionalaren adibide larria da. Beste diskriminazio larri bat ikerketa farmakologikoen arloan gertatu da; izan ere, ikerketa gehienetan pertsona zaharrak kanpoan geratu dira, medikamentu horien hartzaile ugarienak izango diren arren.

Urtearen hasieran bagenekien pandemia gure herrira helduko zela eta adineko pertsonak gogor joko zituela. Gainera, nahiz eta bagenekien zahar etxeak kutsapenerako leku aproposak zirela, ez zen goiz neurririk hartu. Eskolak ixten ziren bitartean eta ospitaleak medikamentuz eta osasun aparatu berriz betetzen ziren heinean, zahar etxeetan gauzak ez ziren aldatzen: langile berberak, betiko materiala eta formakuntza euren kabuz.

Aurreko guztiaren harira, uste dut gizarteak gogoeta sakona egin behar duela zahartzaroari buruz. Zer dela-eta ikusten ditugu zaharrak hain urrun? Zergatik arinagoa iruditzen zaigu zaharrei gertatzen zaiena? Zein adin mugatan du pertsona baten bizitzak beste batenak baino garrantzi txikiagoa? Zein momentutan apurtu da gizartean gazteen eta zaharren arteko lotura emozionala? Eta, azkenik, irakurlearentzako galdera: koronabirusaren aurrean umeen taldea ahulena balitz, larrialdi sentimendu handiagoa egongo litzateke gizartean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.