Albistea entzun

Euskal presoak. Etxeratzearen ondorena

Bidea ez da etxean bukatzen

Espetxetik aterata ere, preso ohiek gainean daramatzate maiz kartzelaren arrastoak; bereziki urte anitzez gatibu egon direnek. Karrikako bizitzara egokitzea eguneroko borroka eta ikasketa prozesua da anitzentzat.

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko urtarrilak 10

Asier Ormazabal (Hernani, 1971), Agurtzane Delgado (Ermua, 1958) eta Jon Ugarte (Zestoa, 1958) preso ohiak. Jon Urbe / FOKU

Preso dagoen ororen ametsa da: kalera itzultzea, herrira. Urduritasunez jantzi ohi dira bezperak, pozez loratzen irteera egunak. Baina bidea ez da kalea zapalduta bukatzen: eguneroko bizimodu arruntera egokitzea bide malkarra izaten da anitzentzat, batez ere urte anitz badira espetxean igarotakoak. Horixe da Asier Ormazabal (Hernani, Gipuzkoa, 1971), Agurtzane Delgado (Ermua, Bizkaia, 1958) eta Jon Ugarte (Zestoa, Gipuzkoa, 1958) preso ohien kasua: 23 urte egin ditu batek espetxean, hemezortzi bertzeak, hamasei azkenak. Baina bizitzaren zati handi bat, kasu guzietan. Delgadok ohartarazi du urte horiek ez direla parentesi soil bat: «Ikasi behar duzu beste modu batera bizitzen, baina bizi egiten da barruan ere. Badakizu hor dagoela kalea, maite duzun jendea, zure herria, murruez bestalde, baina bizitza barruan egin behar duzula. Eta, orduan, hor nonbait zeure burua babesteko, esaten duzu: 'Hemen nago. Zer egin dezaket hemen?'. Ikasten duzu nola bizi, ez bakarrik bizirauteko». 

Bizitza horrek, ordea, uzten ditu arrastoak bizi izan duenaren bizkarrean: karrikara jausten denean, presoak gainean ditu barroteen marruskaduraz babesteko eraikitzen duen oskolaren zati txikiak. Ormazabal duela hilabete eskas atera zen Teruelgo espetxetik (Espainia), eta orain hasi da zama horretaz ohartzen: «Kartzelaren eragina barruan ez duzu hainbeste nabaritzen, ze barruan zaudenean ohitu egiten zara, eta aurre egiten diozu. Ni oraintxe atera naiz, eta orain hasi naiz nabaritzen gauza asko». Gauza txikiak, egunerokoak. Ugartek, adibidez, lasai hitz egiteko zailtasunak azpimarratu ditu: «Hamasei urte pasatu nituen espetxean, eta izan nituen komunikazioak interbenituta, lokutorioak interbenituta, bisean bisekoetan beti zalantzan kamerarik ote zegoen... bazenekien beti atzetik baten bat zebilela». Horrek eragin egin zion libre utzi zutenean: «Kalera atera nintzenean, jendeak lasai hitz egiten duen bezala nik ezin nuen hitz egin: ohitzen zara hitz egiten neurtuan, eta hitz gutxikoa zara, hasieran behintzat: denbora guztian daukazu 'ea zer esaten dudan, edo nola ulertzen den'...».

Haien artean, ordea, konplizitate giroa sortu da, elkar ezagutzen ez bazuten ere. BERRIAk batu ditu, euskal preso ohiei laguntzen dien Harrera elkarteak Usurbilen duen egoitzan (Gipuzkoa), eta elkarteak berak lagunduta —hango langilea da Ugarte—. «Nik Asier ez dut ezagutzen», azaldu du Harrerako kideak. «Baina pintxo bat jaten badut, ja betiko lagunak gara. Beste jende arruntarekin hori ez da gertatzen: galdetzen dutenak ere, zerbait azalduz gero, pixka bat galduta gelditzen dira». Bertzeek baietz egin diote buruarekin: hala dela. Eta segidan gehitu du Ugartek azalpena: «Bizipenak antzekoak direlako».

«Nik ikasi dut egunero guardian bizitzen», hasi da Delgado, espetxeak utzi dion markaz. «Bai, alertan», baieztatu du Ormazabalek. Delgadok azaldu du zergatia: «Niretzat, badago detaile bat, adierazgarria dena: gauetan, han [Granadako espetxean], [preso] sozialek-eta, udan gehienbat, sekulako iskanbila sortzen dute. Eta nik lo egiten nuen berdin-berdin, zarata arruntekin: iskanbila, edo mutilekin hitz egiten, edo musika ikaragarri ozen. Baina entzuten zenuen ate bat irekitzen gauean, edo pausoak pasilloan, eta berehala alerta jartzen zinen: esnatu egiten zinen. Eta apenas entzuten zen zarata bat zen. Horrek esan nahi du 24 orduan guardian zinela. Hori barruan, baina ez zara konturatzen. Gero, kalean berdin egiten duzu». Eta denek baietz, buruarekin. Ugartek azaldu du urratsen erranahia: «Zuk badakizu ekonomatukoa 10:00etan etortzen dela eskaera egitera; bazkaria, 12:30ean, eta, gero, afaria etortzen da: hiru toke zure ate ondoan. Eta, gero, errekuentoak. Baina ordu horietatik kanpo sumatzen dituzunean hiruzpalauren hanka hotsak, badakizu datozela zure ziega hankaz gora jartzera eta zu biluztera. Badakizu min ematera datozela». Horrelako gauzetatik babesteko eraikitzen da oskola. Delgado: «Haiek hor daude zu puskatzeko, zure defentsak apurtzeko. Eta horretaz konturatzen zara goizean goiz hasita. Gauza txikietan nabaritzen duzu, gehienbat gauza txikietan». Anekdoten zerrenda amaiezina da: etxekoek korrika egiteko oinetakoak paketean bidali, eta funtzionarioek ez ematea, presoaren ilusioa zapata horietan dagoela jakinda; edo sortu berria den ilobaren argazkiak konfiskatzea, gibelean euskarazko esaldi bat dutelako: 'Itzultzera bidali behar dugu'. Edo egunero jasotzen duten egunkaria muturraren parean izan eta funtzionarioak ez ematea. Delgado: «Nik uste dut ikasten duzula muga bat jarri eta haiei ez erakusten horrelako gauzek izorratzen zaituztela». Ormazabalek berretsi du esandakoa: «Azkenean, oreka hori da: noraino egin dezakezun borroka gauza bat lortzeko, gauza txiki horiek lortzeko; baina, bestalde, ez dezala gehiegi eragin, zure egunerokoa hankaz gora ez jartzeko. Orduan, ibili behar duzu egunero hor, neurtzen, oreka horretan mugitzen». Hernaniarra azaroan atera bazen ere, jada ohartu da tresna horiek ez diotela kanpoan balio: «Denbora gutxi daramat, eta asko esan didate: ze serio zauden, ze lehorra... Ez dakit beste modu batera egiten. Azkenean, barruan mekanismo batzuk garatzen dituzu, oso baliagarriak direnak egunerokoari aurre egiteko, eta kanpoan konturatzen zara ez dutela balio, eta, are, kasu batzuetan kaltegarriak zaizkizula bizitza berrian». Ugartek dio oraindik ere jendeak erraten diola idorra dela, nahiz eta hamazazpi urte diren etxera itzuli zela. Delgadok azaldu du autodefentsa mekanismoaren parte dela sentimenduak ezkutatzea: «Barruan ez duzu nahi haiek jakitea zuk zer pentsatzen duzun, zerk ematen dizun min, zer maite duzun... Haiek horrekin ez jokatzeko, ez erabiltzeko. Eta gero, konturatu gabe, hori barneratu egiten dugu, eta ateratzen garenean kostatzen zaigu buelta ematea. Hor nonbait jarraitzen dugu defentsan».

Berriro bizitzen ikasten

Sentimenduena ez da oztopo bakarra, ordea. Ormazabalek azaldu du berriro ikasi behar dela bizitzen, «ume bat bezala»; eta bizitza osoa antolatu behar dela: «Jendeak uste du 'ze ondo, ja utzi duzu hori atzean, eta orain bizitza berria', eta ez da horrela. Edozer gauza txiki mundu bat kostatzen zaizu». Adibidez, erosketak egitea: «Nik euroko txanponak ere ez nituen ezagutzen! Orduan, denda batera iristen zara, eta ibili behar duzu hor... Ilara sortzen duzu... Edozein gauzatarako sentitzen zara ezdeus hutsa!». Kontatu du, erraterako, bankuko kontua irekitzera joan zela, eta leihatilakoari azaldu behar izan ziola 23 urte pasatu zituela espetxean, ez baitzituen ulertzen langilearen azalpenak: «Tipo ulerbera tokatu zitzaidan, eta ordubete egon zen nirekin, ume txiki bat banintz bezala». Delgadok pazientziaz hartzeko erran dio aldamenekoari: hark urtebete darama kalean, eta iguala pasatzen zaiola dio. «Nik oraindik ez dut ikasi kalean ibiltzen. Zibilizaziotik kanpo egon zara, eta bat-batean kalean aurkitzen zara, eta jendeak oso erraz egiten dituen gauzak, haientzat naturalak direnak, ez dituztenak pentsatu behar, zuretzat zailak dira. Nik bidea gurutzatu behar dudanean oraindik pentsatu egin behar dut semaforoa dagoela hor, eta pentsatu egin behar dut berde ipini behar dela pasatzeko». Eta gizartearen eta teknologiaren aldaketak: sakelako telefonoak, jendearen estresak eta abiadurak... Delgadori ez zaio erraza egiten ari ohitzea: «Psikologikoki oso gogorra da kalera egokitzea. Eta hasiera batean deskolokatuta zaude, baina hainbeste gauza egin behar dituzu, urduri zaudela. Fase hori pasatu eta gero, konturatzen zara hemen bizi behar zarela, egokitu behar zarela, eta kosta egiten dela. Uste dut ibilbide bat dela, eta luzea. Nik urtebete daramat, eta konturatzen naiz sekulako ibilbidea geratzen zaidala». «Azkenean, jendeak 20-30 urtean eraikitzen duena guk eraiki nahi dugu ja, eta ezin da», dio Ormazabalek.

Harrera elkartea arrunt lagungarri egiten ari zaie egokitzeko bide horretan. «Autoko gidabaimena ateratzeko, nik ez nekien nondik hasi ere. Egun batean Harrerakoekin geratu, joan ginen, di-da, hamar minutuan egin, eta, uf, kristoren zama kentzen duzu, ze gauza txikienak ere kristoren estresa eragiten dizu». Laguntza materialetik harago, babestuko duen norbait izan dezakeela jakiteak lasaitzen du Delgado: «Ze ateratzen zara ezer gabe, eta etxekoek dena ematen dizute, baina etxekoak bizitza osoan egon dira dena ematen. Eta jakitea Harrerakoak hor daudela 24 orduz, astean zazpi egunez, eta edozein arazo duzula posible duzula deitzea, edo hitz egiteko beharra duzulako, edo edozer, eta, gainera, hitz gutxirekin ulertuko zaituztela, niretzat handia da». Ormazabali ere «gogorra» egin zaio edozer gauza egiteko «beti besteen menpe» bizi behar hori, eta eskertu du Harrerakoen babesa. Biek azpimarratu dute elkarteko kideak preso ohiak izateak laguntzen duela.

Ugartek nabarmendu du badaudela konpondu ezin diren arazoak ere. Azaldu du, erraterako, 60 bat urterekin ateratzen ari direla preso anitz, eta horiek lan munduratzea «ezinezkoa» dela. Pentsiorik eskuratzeko aukerarik ere ez dute anitzek. «Nire amak 89 urte ditu, eta haren kezka zera da: 'Ni hiltzen naizenean, nork zainduko zaitu?'. 89 urterekin esaten dit!», bota du Delgadok. Anitzek osasun arazoak ere badituzte. «Horiei guztiei irtenbidea bilatzen hasi beharko dugu, eta babes hori ematen», dio Ugartek. «Datozen hamar urteotan, espetxeak hustu ahala, gizarteak hartu behar du ardura hori jende honi lasaitasun eta patxada hori eman eta estutasun hori kentzeko. Eta guk hor egon behar dugu, eta hor egongo gara. Atzean ezin ditugu utzi».

Gradu aldaketak, bidezidor

Hurbilketak begi onez ikusten dituzte hirurek, baina argi dute: presoak etxean egotea nahi dute, eta ahalik eta lasterren bada, hobe. Delgado: «Euskal Herriko espetxeetan egoteak sekulako abantaila dauka: senideek ez dituztela egin behar 1.000 kilometro joateko eta 1.000 bueltatzeko. Baina Algecirasen edo Zaballan, berdin-berdin daude preso». Maratoi horretan bidezidor izan daiteke gradu progresioa, bigarren graduan baimenak eta, azkenik, hirugarren gradua eta etxeratzea lor daitezkeelako. Askatasun osoa nahiago izan arren, Ugartek uste du bide horrek gizarteratzen ere lagun dezakeela: «Zortzi edo 24 ordu badira ere, kalean zaude, eta semaforoak gurutzatzen ikasten duzu, aske geratzen zarenerako». Eta haientzat garrantzitsuena: hurrengoei bidea leuntzen dietela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baionako prokuradoreak dio suteetako bat kriminala izan zela

Berria

Jendarmeriaren ikerketaren arabera, Lapurdin otsailean gertatutako hiru suteek ez dute loturarik elkarren artean
Irati Gurasoekin Euskal Herrira taldearen ekitaldi bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hiru urte beteta atera dute Irati Aranjuezko espetxetik, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera. Euskal Herriko kartzeletan ere amak umeekin egon ahal izatea eskatu dute
Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatutako ekitaldi bat, Bilbon ©aritz loa / foku

Irati kartzelatik atera dute, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Euskal presoen alaba hiru urte bete ostean atera da Aranjuezko kartzelatik. Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera.

Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Tortura aitortzeko garaia da»

Iker Tubia

Nafarroan mila lagun torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean. Ikerketa ofizial bat egiteko galdegin diote erakundeei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.