«Siglen gainetik, herriak eskatzen duena» du xede Miren Larrionek

EH Bilduren Arabako zerrendaburuak argi du «entzutea eta herriarekin egitea» dela politika, eta iaz Gasteizen lortutako aldaketa goratu du

ander perez zala
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Herriak esan ziguna egin genuen Gasteizen. Entzun eta herriarekin egin. Hori izan behar da politika». Miren Larrion Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak lehen agerraldia egin du, Gasteizen, hango iazko udal hauteskundeen ondoren Javier Maroto PPkoak alkatetza hartzea eragotzi zutela nabarmenduz. Zinegotzia da Larrion, eta orain «erronka ilusio handiarekin» onartu du EH Bilduren eskaintza berria. Hala ere, legebiltzarkide postua lortuko balu ere, udalean jarraituko luke. Adierazi duenez, «siglen gainetik, herriak eskatzen duenari» erantzuna eman behar zaio.

Larrionek Gasteizen egindako lana gogorarazi du, eta hango eredua Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa agertu du: «Hemen [Gasteizko Udalean] egiten ari den lanak, ematen ari den fruituak, lortzen ari garenak balio du. Eta balio hori ez da nirea; balio hori kolektiboa da». Zehaztu du Arabako hiriburuan behetik egin dela lana, jendea entzunez, «herriak nahi zuena» kontuan hartuz, «arduraz» jokatuz, «alderdikerien» gainetik. «EH Bilduri dagokio hori lideratzea, eta gure asmoa lan egiteko eredu hori legebiltzarrera eramatea izango da». Alegia, «herritarrekin lan egitea, jendearen beharrak entzutea; ezberdinen artean akordioak egitea aurrera egiteko; politika ulertzea, ez alderdien interesen arabera, baizik herri moduan aurrera egiteko bide gisa».

Agerraldian EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegi ere izan da. Harentzat «ohore bat» da Larrion aurkeztea eta harekin hautagaitza partekatzea. Arabako zerrendaburuaren hautagaitza eta ibilbidea goraipatu ditu, koalizioarekin bat datozelako: «Egin duen ibilbideak oso ondo ordezkatzen du zer den EH Bildu, zein jendez osatuta dagoen eta zer eta nolako bidea nahi dugun herri honentzat». Otegi izango da EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua bozetarako. Koalizioak iragarri gabe dauka Bizkaikoa.

Proiektuak, bi ardatz

Otegik gogorarazi du ezin dela «aldaketa sozialik lortu subiranotasun nazionalik gabe», ezta «proiektu eraldatzailerik ere jendea entzun eta kontuan hartu gabe». Hortaz, azaldu du proiektuak bi ardatz haiek izango dituela. Adierazi du «eztabaida kolektibo orokorra» behar dela, denen artean «elkarrizketa iraunkor baten bidez herri honen proiektua eraikitzeko».

Udazkeneko bozei begira, Otegik azaldu du Ahal Dugu-z gain EAJ eta PSE ere nahi dituela bidaide «gauza jakinak egiteko», ez «sailak edo beste mota bateko edozer» banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.