Pastor
DARWIN ETA GU

Eta orain, plurinazionalistak?

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Espainia estatu plurinazionala dela onartzeko eskatu dio Iñigo Urkulluk gobernu espainiarrari, Korsikatik. Soberania partekatzeko. Ez da azti orojakilea izan behar Espainian nagusiak diren alderdi eskuindar zein ezkertiarren erantzuna zein izan den asmatzeko.

Logikoa da. Izan ere, espainiarrek, oro har, ez dute estatu plurinazionalean sinesten. Haien ustez, estatu plurinazionala onartzea hondamendia izango litzateke. Kataklismoa. Haien Espainiaren kontzeptua apurtu, txikitu, birrindu egingo luke. Hau da: Espainiaren existentzia bera. Mamirik gabeko ogia, urik gabeko itsasoa bezalakoa izango litzateke Espainia plurinazionala haientzat. Muinik gabeko Espainia. Ez-Espainia bat.

Ikuspegi hori DNAn tatuatuta dute espainiarrek. Ez denek, baina bai gehienek, askotan inkontzienteki bada ere. Hala izanik ere, guk morokilari eragin eta eragin segitzen dugu, inora helduko garelakoan. Eskaerak burujabetza hurbilago ipiniko baligu bezala. Ezker estatalistarekin bat egiten dugu politika sozialak bultzatzeko. Alta, ezker horrek gure helburu nazionalak lortzen lagunduko digu? Noiz? Nola eta zenbateraino? Erretorika polita dute gure bidaideek itsasoa bare dagoenean. Urak harrotzen direnean, ordea, erne bazterrak.

Halakoetan ezkertiarretan ezkertiarrenak esango dizu aldarrikapen nazionalik ez egiteko, faxismoaren piztia iratzarriko duzu eta. Faxismoa esnatzen bada, zurea izango da errua. Xantaia politiko-emozionala. Zain egon beharko dugu Espainiatik faxismoaren itzala erabat desagertu arte geure aldarrikapenak bideratzeko? Nago orduan ere ez dela une egokiena izango. Baina inoiz egongo da une zeharo egokirik, %100ean?

Espainiarrek ez dute estatu plurinazionala onartuko. Modu teorikoan agian bai, baina praktikan, ez. Nazionalitateak aipatzen ditu Espainiako konstituzioak ez dakit nondik atera zuten terminologia hori, baina nazioa bakarra da. Nazio nagusia: Espainia. Nazionalitateak bigarren mailako zerbait dira, nazioa izatera ailegatzen ez direnak.

Hizkuntzekin ere berdin egokitzen da kontua. Hizkuntza koofizialen kontzeptua saldu digute, argi uzteko hizkuntza benetan ofiziala, ko aurrizkia gabe, derrigorrez ikasi beharrekoa, bakarra dela. Espainiera. Mintzaira koofiziala ez da inoiz benetako hizkuntza ofizialaren mailakoa izango. Nazionalitateak nazioaren parera iritsiko ez diren bezala.

Independentzia ezinezkoa dela errepikatzen digute. Espainia bene-benetan estatu plurinazionala bihurtzea bezain ezinezkoa, esango nuke nik. Hala ere, azken aukera hori egingarria dela sinetsita gaude. Sinergiak sortu behar omen dira, ahaleginak egin... Lengoaia ere samurtu egin dugu. Lehen independentistak ginen; gero, subiranistak. Orain, plurinazionalistak? Hurrengoan, zer?

Egun arlo soziala lantzeak du lehentasuna. Badirudi auzi nazionala beste maila batean utzi dugula. Lorpen oso onuragarriak ikusi ditugu. Esate baterako, herenegun, kotizaziorik gabeko pentsioetan. Pentsio mota hori Espainia osoan jasotzen duten herritarren % 21,5 Andaluzian daude. Hego Euskal Herrian, aldiz,% 3 inguru izango dira. Euskal diputatuei esker onartu dute pentsio horien igoera. PP neurri sozialaren kontra azaldu zaigu. Hala ere, itxura guztiaren arabera, alderdi eskuindarrak aise irabaziko ditu bozak Espainia hegoaldean.

Gure internazionalismoak balioko ote du nazionalismo espainiar sutsua desaktibatzeko? Duda egiten dut. Gogoan dut Andaluziako herritar bat, erretiroa hartu arte Bartzelonan, La Llagosta herrian, ia 50 urtean taberna bat izan duena. Haren ahotik irtendako bi perla: «Ni Bilbaoren jarraitzailea naiz jokalari guztiak espainiarrak dituelako». Bestea, borobilena, biloba independentistei buruz: «Ez dakit zertarako eraman ditugun eskola on batera. Separatistak izateko?». Zer espero zuen, bada? Katalunian jaiotako semearen seme-alabek beren burua andaluziartzat jotzea oraindik? Sozialisten boto emailea da tabernaria. Esaiozu horri Espainia plurinazionala dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.