Itsasaldea zigor ez dadin

Kostaldeko eraikinetan itsas aerosolak eragiten dituen arazoak aztertu dituzte EHUko kimikariek.Algek zenbaitetan funtzio babeslea izan dezaketela ondorioztatu dute

Igeldoko itsasargia da aztertu duten eraikinetako bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juanma Gallego.
2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Eraikinak, itsasoa, euria eta kutsadura. Kostaldean topatu ohi diren elementu horiek elkarbizitza zaila dute gehienetan. Horregatik, eraikin horiek babesteko, atzean dauden prozesu kimikoak zehaztasunez ezagutzea lagungarria izan daiteke. Ideia horren harira, ikerketa bat egin dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko kimikariek.EHUko IBeA Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa taldean ingurumena eta toxikologia arloak lantzen badituzte ere, kultur ondarearen inguruko ikerketak badu bere tokia kimikari horien eguneroko zereginetan. Horren adibide dira Microchemical Journal eta Science of the Total Environment aldizkarietan azken hilabeteotan argitaratutako artikuluak, Hektor Morillas kimikariaren doktore tesirako egindako neurketetan oinarritu direnak.

Itsas aerosola da ikerketaren abiapuntua, olatuen eta haizearen elkarrekintzatik sortzen dena. Aerosol horrek gatz ez-organikoak eta bestelako materia organikoa izan ditzake barruan. «Partikulek eraikinean zuzeneko eragina izan dezakete, baina euri urarekin nahastean bestelako erreakzioa ere sor daiteke. Eraikina egiteko erabili den materialaren arabera, arazoa ezberdina izango da», azaldu du Hektor Morillasek. Horrez gain, gizakiak isuritako kutsadurarekin nahasten direnean ere zenbait erreakzio sor daitezke.

Kutsadura aztergai

Tokiaren arabera ere itsas aerosol hori ezberdina da. Horregatik, faktore horren eragina zein den ulertzeko, hiru kokaleku aukeratu ditu kimikariak: Igeldoko itsasargia (Gipuzkoa), Galeako gotorlekua (Getxo, Bizkaia) eta orain dela hamabost urte inguru Berangon (Bizkaia) eraikitako etxebizitzak. Aukeraketa egiteko, bi faktore kontuan hartu ditu: itsasoarekiko distantzia eta hiri inguruetan izan ohi diren kutsadura mailak.

Igeldoko itsasargiaren kasuan, itsasoaren eragina zuzena da, baina inguru industrialaren eragina txikiagoa da. Galeako gotorlekuari dagokionez, itsasoaren eragina zein industriarena handiak dira. Berangoko etxebizitzetan, azkenik, urriagoa da bi aldagaien eragina.

Eraikin horiek guztiak, gainera, material ezberdinez osatuta daude: hareharriak, kareharriak, igeltsuak, adreiluak eta zementua, besteak beste. Horrela, puzzle horretako pieza guztiak hartu,eta gertatzen ari denaren inguruko irudi bat osatu nahi izan du ikertzaileak. Ateratako ondorioak ondarea babesteko lagungarri izatea espero du, arkitektoek eta zaharberritzaileek estrategia egokiagoak prestatzeko aukera izan dezaten.Ondorioztatu dutenez, itsas aerosolak eragin negatiboa du, eta denborarekin materialen galtzea ekar dezake. Ez da, ordea, itsasotik datorren arazo bakarra. «Igeldoren inguruan izan ohi diren kaioek, adibidez, guanoa sortzen dute, eta horren %90 azido urikoa da». Itsas inguru horietan badira azido hori katalizatzen duten bakterioak, eta, horrela, nitratoa sortzen da. Nitrato horiek eraikinaren materialarekin erreakzionatzen dute, eta, pixkanaka,materialaren galera eragiten dute. «Denborarekin, gainera, nitratoak itsasargiaren barruan sartu dira, eta horrek arazoak areagotu ditu».

Kimika analitikoan erabili ohi diren teknikez baliatu da Morillos eraikinek dituzten patologiak aztertzeko. Hala ere, ezinezkoa da eraikin bat laborategi batean sartzea. «Aztertutako eraikin batzuk historikoak direnez, ezin izan ditugu laginak hartu zuzenean, eta, horregatik, zeharkako metodoak erabili behar izan ditugu», argitu du. Erabilitako metodo gehienak espektroskopikoak dira, eta, gaur egun tresneria eramangarria dagoenez, gailuak eraikinetara eraman daitezke.

Analisi kimikoa ezinbestekoa da eraikinaren benetako osasun egoera jakiteko. Izan ere, gauzak ez dira beti hasieran diruditen modukoak. Horren adibide, zenbaitetan hormetan sortzen diren patina biologikoak aipatu ditu adituak. «Hezetasun handia dagoenean algak agertzen dira. Batzuetan, eraikin baten aurrealdea gorri kolorekoa ikusten dugu, eta badirudi itxura zakarra duela, baina ikusi ahal izan dugunez alga horiek eraikina babesten dute». XVIII. mendean eraikitako Galeako gotorlekuan, haizea eta euria direla-eta teorian kalte gehien izan behar zuen aldea hoberen kontserbatuta dagoena da. «Hori eraikina babesten duten algei zor diegu. Hesi babesle horren balioa egiaztatu ahal izan dugu».Morillasek azaldu duenez, horrek ez du esan nahi alga horienfuntzioa beti positiboa denik, beste eraikin batzuetan kalteak ere sor ditzakete eta. «Horren inguruko eztabaida dago oraindik ere adituen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.