Donostiako 57. Jazzaldia

Ukrainako historia, pianoan

Vadim Neselovskik bere historia pertsonala eta Ukrainakoa kontatu ditu 'Odesa Suite' diskoan

Vadim Neselovski atzo, Viktoria Eugenia antzokian eman zuen prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«'Zergatik ez duzu zure istorio pertsonala eta Ukrainako herriaren historia kontatzen, hobekien maneiatzen eta ezagutzen duzun hizkuntzarekin?', esan zidan behin nire managerrak». Horrela bururatu zitzaion Vadim Neselovski pianistari (Odesa, Ukraina, 1977) bere azken diskaren ideia: Odesa Suite. Donostiako 57. Jazzaldian bi kontzertu emango ditu Neselovskyik: bata atzo izan zen, Txillida Lekun, eta bestea gaur izango da, San Telmo museoko Skoda agertokian, 11:00etan. Bi kontzertuak ongintzako emanaldiak izango dira, Ukrainako herriari laguntzeko, eta, bildutako dirua Chernobil elkartera bideratuko du. Elkarte horrek 1996az geroztik hondamendi nuklearrak eragindako haurrekin egiten du lan, eta, gaur egun, gerraren ondorio bortitzei aurre egitea du helburu.

Musikariak atzo eman zuen prentsaurrekoan adierazi zuenez, aurkeztu duen lana otsailaren 24a baino lehenago bukatu zuen, Errusiaren tropek Ukrainako muga zeharkatu zuten eguna baino lehen. Egun horretan bere bizitza «betiko aldatu» zela esan du.

Musikariak, ukrainar gehienek bezala, errusiera ere hitz egiten duela onartu du. Diskoa amaitu ondoren, ez zuen gauza askorik moldatu, baina azken orduko aldaketa bat egitea erabaki zuen musikariak: bere herriaren izena, Odesa, s bakarrarekin idaztea,idazkera ukrainarrean egiten duten moduan. Era horretan, errusiar grafia alde batera utzi zuen, errusieraz Odessa idazten baita, bi s- rekin.

Inbasioaren ondoren, partituretan aldaketa gehiago ez egitea erabaki zuen, konposatu zuen musikak «egokia» izaten jarraitzen zuela uste zuelako. Bere ustez, musikak Bigarren Mundu Gerran bere herrialdean egindako ankerkeriei egiten zien erreferentzia, eta, aldi berean, gainera, egun haietan Errusiaren inbasioarekin errepikatzen ari zenari ere bai.

Gainera, Odesa Suite-k Itsaso Beltzaren ertzean dagoen hiriaren «espiritua», eta bertako jendearen «baikortasuna» eta «ironia» irudikatzen ditu Neselovskiren iritziz, historian zehar bizi izan dituzten ezbeharrak gorabehera. Horri gehitu behar zaio komunitate judua —bere familia judua da— bizi izan den hiri bateko arragoa kulturala; greziarra, frantsesa, errusiarra eta bulgariarra, besteak beste.

Haur prodijioa izan zen Neselovski, bai eta Odesako prestigio handiko kontserbatorioak onartu zuen ikasle gazteena ere. Musikariak, prestakuntza klasikoa jasotzen zuen bitartean jazz arloko artistak entzuten zituen, eta, haien diskoak bere hiriko portuan lehorreratzen ziren marinelen bitartez iristen zitzaizkion. Horrela ezagutu zituen, esaterako, Keith Jarrett, Chick Corea eta Thelonious Monk.

Alemanian burutu zituen ikasketa klasikoak, eta amaitu zituenean Ameriketako Estatu Batuetara joan zen jazzarekiko zuen pasioaren ondorioz; han, Berklee College of Music eta Thelonious Monk Insitutuan ikasi zuen. Gero, Gary Burton bibrafonistak bere Generations Quintet taldean sartzeko eskatu zion, eta harentzat abestiak konpontzen eta moldaketak egiten aritu zen 2017ra arte.

Gainera, Arkady Shilkoperrekin eta John Zornekin ere egin zuen lan.

Pasaportea, orri soil bat

«Pasaporteak ez zaizkit axola», adierazi du Neselovskik. Gainera, aitortu du Ukrainaren inbasio ostean gerraren aurka agertu diren musikari errusiarrekin ere lan egin duela. Bestalde, musikariak ez du uste artista errusiarrak «diskriminatu» egin behar direnik «haien pasaporteagatik», baina Vladimir Putin babesten dutenak Europan edo herrialde demokratikoetan ez luketela jo behar pentsatzen du.

Ildo beretik, kontrako aldean kokatu du Emir Kusturica zinemagilea, bere ustez, inbasioari dagokionean jarrera «epela» izan duena. «Tristea da gureetakoa ez izatea, guk bezala ez pentsatzea», adierazi du. Hala ere, pozik agertu da Ukraina babesten duen jende guztiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.