Garesti zegoen lehen puntua

Lasok eta Imazek, iazko txapeldunordeek, sufrituta lortu dute binakako lehen garaipena

Unai Laso pilota bat jotzen, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon eskudero
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Emoziorik ez zaie falta aspaldian pilota partidei. Joan den astean, lau eta erdiko final gogoangarria tanto bakar batek erabaki zuen, eta atzo ere emozioz gainezka joan zen Bartzelonanjokatu zuten partida, Binakako Txapelketari zegokiona. Izan ere, partida ona eta gogorra jokatu zuten Laso-Imazek eta Jaka-Arangurenek, eta azken tantoan irabazi zuten gorriek; iazko txapeldunordeek, hain zuzen. Hain pilotaleku azkarrean jokaturik, espero izatekoa zen azkar joango zela norgehiagoka, baina izerdia latz bota behar izan zuten irabazleek lehen puntua eskuratzeko. Hasi eta buka, ondo jokatu zuten lau pilotariek, eta bukaerara arte oreka izan zen nagusi. Bada, azken tantoan jokatu zuten kale edo baleko tantoa, eta detaileek erabaki zuten guztia. Jakak arazoak izan zituen zutik egoteko ere, lesio bat tarteko, eta azkenean Lasok eta Imazek eskuratu zuten puntua.

Txapelketa aurkeztu zuten egunean, inor gutxik egingo zuen apustu Jakaren eta Arangurenen alde, baina erakutsi zuten lehiatu, behintzat, egingo direla txapelketan. Arangurenek batez ere oso ongi jokatu zuen partidaren hasieran, eta 4-8 ere aurretik izan ziren urdinak. Lanean oinarriturik, berdinketa lortu zuten gorriek, eta lehen atsedenaldi luzera aurretik iritsi ziren: 12-11. Pilotak gastatuz joan ahala, gogortzen hasi zen partida, eta elkar hautsi ezinik ibili ziren gerora bi bikoteak. Hots, berdinketa ugari izan ziren bukaerara arte: 14na, 16na eta 17na. Inork errentarik lortzen bazuen, asko zuen irabazia, eta Lasok eta Imazek 21 eta 18 aurreratzea lortu zuten. Esku-eskura zuten garaipena, baina, 21nakoaren ondoren, ederki sufritu zuten lehen puntua lortzeko.

Herenegun jokatu zen txapelketako lehen partida. Ezkurdia-Martijak irabazi egin zieten Etxeberria eta Rezustari: 22-20, hain zuen. Lehen jardunaldiakgaur izango du jarraipena, Tolosako Beotibarren (17:15,ETB1). Peña-Aranguren eta Urrutikoetxea-Albisu ariko dira aurrez aurre. Lehen jardunaldia asteazkenean amaituko da, Eibarren (Gipuzkoa). Altuna III.a-Tolosak Elordi-Zabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.