HILBERRIA. Patxi Iraola

Mahai bueltako bertsolaria

Miren Garate.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Osinalde sariketako lehen irabazlea izan zen Patxi Iraola bertsolaria 1971n, eta kasualitateak zer diren, atzo hil zen, aurtengo finala baino ordu batzuk lehenago, 86 urte zituela. Sariketa hori ez ezik, Zepai Saria ere irabazi zuen 1974an, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen 1980an. Halaber, plaza asko egindako urteak ere izan zituen, baina batik bat herri bertsolaria zen Iraola, «Gipuzkoako herri bertsolaririk onena», Manuel Olaizola Uztapide-ren hitzetan. Mahai bueltako saioak maite zituen batik bat, lagunartekoak, eta Goierri inguruan kantatu zuen gehien.

Zaldibiako (Gipuzkoa) Olegi baserrian jaio zen, eta etxetik zetorkion bertsozaletasuna. Bertsolaria zuen aita ere, plazaz plaza ez, baina taberna giroan jarduten zuena. Bertso jarriak abesten zizkien amak, eta, kontatzen zuenez, anaiekin ere saio luzeak egiten zituen umetan, Uztapide eta Basarri imitatuz. Herriko apaizak ere izan zuen anaien arteko saioen berri, eta kargu hartu omen zion behin, konfesatzera joandakoan. Ez zela ofizio ona esan zion, eta Iraolak zergatik ez zen ofizio ona galdetu zionean, bertsolariak jende arlotea izaten zirela erantzun zion apaizak, gehienek ez zutela gauza onik egiten. Apaizak esandakoak garai hartan zuen garrantzia zela medio, bolada batean bertsoak kantatzeari ere utzi zion. «Beti, ordea, hori gogoan nuala. Alperrik dala! Hori berezko grin?a izanik, berriz ere tentatu egiten gaitu», zioen Iraolak berak Kontu kontari liburuan.

Sorterrian bertan egin zuen lehen plaza, 1965. urtean, Jose Mari Aranburu lagun zuela eta Jesus Eskisabel Jainkoa-k bultzatuta. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Bertsolari Eguna egiten zen urtero Donostian, bertsolariren bat omentzeko. Eta klasiko bihurtu zen egun horretan goierritar bertsolariek egiten zuten saioa. Belaunaldi bat baino gehiagotako kideak ateratzen ziren oholtzara, eta, puntuka aritzen ziren, umorez. Haietako bat izaten zen Iraola bera.

1991n, eserita entzun behar izan zuen lagunen saioa, bera eta Florentino Goiburu (goierritarren taldeko kidea hura ere) izan baitziren omenduak. Eta omenaldia baliatuz atera zen bien pasadizoak biltzen dituen Kontu Kontari liburua. 2009an, berriz, bere bizitzari buruzko Naizen apurra lana argitaratu zuen. Bertsotan ez ezik, gai jartzaile eta epaile gisa ere aritu zen Iraola. Bihar izango da haren hileta. 19:00etan, Zaldibiako elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.