Lan erreforma. Estatalizazioa

Gertuko itunarengatik borrokan

Vulcanizados Zuloagako langileek 128 egun daramatzate greban. Espainiako kimika sektoreko lan hitzarmenaren menpe daude, eta aldatu egin nahi dute. Gehienek mila euro inguruko soldata dute.

Vulcanizados Zuloagako grebalariak, enpresak Zaratamon duen lantegiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Basauri
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gaur eguerdiko elkarretaratzean 128 zenbakia itsatsiko dute pankartan. Vulcanizados Zuloagako (VZ) langileei Zaratamoko (Bizkaia) planta zapaldu gabe daramaten egun kopurua gogoratzen dien salataria da. «Orain ezin dugu atzera egin. Hitz egiteko prest gaude, eta lan egiteko gogoz, baina esan diegu enpresaren jabeei lan hitzarmen hor ez dugula nahi. Guk enpresa hitzarmena nahi dugu, hemengo errealitatea islatuko duena». Cristobal Jimenezena da azalpena (48 urte), lantokian sei urte daramatzan grebalariarena.

Diazek ondo laburbildu du gatazkaren korapiloa: enpresak Espainiako industria kimikoko hitzarmena aplikatzen du, eta langileek hobea nahi dute, enpresarako espresuki adosturiko bat. Lan erreformaren eztabaidako puntu baten lagina ere bada kasu hori. CCOO eta UGT sindikatuak Espainiako negoziazioa lehenestearen aldeko dira Madrilen, behintzat. ELAk eta LABek, berriz, euskal itunak nahi dituzte. Kasuaren arabera, Euskal Herriko hitzarmen sektorialak, lurraldekakoak edota enpresa mailakoak defendatzen dituzte.

Eta nolakoa da Espainiako itun hori? Hainbat langile maila daude: bigarren multzokoek, ugariena VZn, 17.159 euroko soldata gordina jasotzen dute urtean; hirugarren multzokoek, 18.603koa; eta laugarrenekoek, 20.688koa. Eta zenbat da garbi? Bada, gehienek mila euro pasatxo jasotzen dituzte hilabetean, eta laugarren multzokoek, 1.300 inguru. Sektore horretan ez dago itunik Euskal Herrian.

Ekainean egin zuten azken bilera enpresarekin, eta, langileen arabera, jabeek esan zieten eskaerak betez gero itxi egin beharko luketela. Baina egia al da hori? ELA sindikatuak ez du hala uste; grebalariak han afiliatu dira. Merkataritza erregistroan ageri da VZk iaz 484.000 euroren irabaziak izan zituela eta ia 1,5 milioikoak azken lau urteetan. Are gehiago, betiere ELAren ikerketen arabera, enpresak 400.000 euroren zerbitzuak kontratatzen dizkie urtero jabe den familiako kideei «zerbitzu prestazioak» eta antzekoengatik.

Langileek 300 euroko soldata igoera eskatu dute lehen urterako, eta 42 direnez —32 dira greban daudenak—, 150.000 euro inguruko inbertsioa litzateke. «Ez dugu beste munduko ezer eskatzen; enpresak bere gain har dezake. Zenbakiek argi erakusten dute», azaldu du Eduardo Jimenez enpresan 26 urte daramatzan langileak. Izan ere, langileek diotenez, ez dago lan gabeziarik. Marian Oterok hemeretzi daramatza han, eta badu eskarmentua: «Autogintzarako ordezko piezak egiten ditugu, eta erritmo onean ari gara lanean. Pentsa, iazko itxialdi garaian legezko bi asteetan gelditu ginen bakarrik. Are gehiago, geldialdia Aste Santuan izan zen, eta gu, jai eguna izanda ere, pazko astelehenean lanean ginen».

Nahi dutena lortzeko, baina, enpresa hitzarmena behar dute, eta enpresatik ezezkoa esaten diete. Soldata txikiak dira —Basauriko batez besteko alokairua 605 eurokoa da (2019an)—, aurreztea zaila da, eta garbi diote erresistentzia kutxari esker eusten diotela grebari. «Bestela ezin duzu greba egin. Nola ordaindu maileguak? Familia asko daude hemen», azaldu du Diazek.

Etxekoen babesa

Luze doa greba, baina tinko diraute. Liskarrik gabeko protesta da, greba eskubidea urratzen ari dela ziurtzat jotzen duten arren. Jimenez: «Kanpotik makinak entzuten ditugu, lanean ari dira. Bulegoetako langileak buzoa jantzita ikusi ditugu. Hasieran grabatu eta guzti egin genituen; orain, berriz, ikuskatzera sartzen garenean, ezkutatu egiten dira». Oterok eman dio segida: «Batzuek modu informalean esan digute gogorra dela. Orain konturatu dira lan mekanikoen gogortasunaz».

Baina, oraingoz, jarrerak urrun daude. Bilerarik gabeko lau hilabeteak horren isla dira. «Kimikoen ituna onena dela esaten zuten jabeek. 'Onena zuentzat' esaten genien», gogoratu du Diazek. «Euskal Herrian bizi gara, eta hemengo bizi baldintzetara egokitu beharra dago». Dena den, grebalariak lasai daude: «Egun onak eta txarrak daude, baina sendikoen babesa dugu, eta hori da garrantzitsuena», amaitu du Oterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.