Koronabirusa

Etxeko zaintzan ere, babesik gabe

Segurtasun neurririk ia gabe ari dira etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak. Kezka agertu dute, pertsona zaurgarriekin lan egiten dutelako eta gaitza kutsatzeko beldur direlako.

Udalen eta foru erakundeen ardurapeko zerbitzu bat da etxez etxeko laguntza. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Zaintza krisia agerian utzi du koronabirusak eragindako larrialdiak, eta ikusgai jarri ditu sektore horietako zailtasunak eta gabeziak. Zahar etxeen inguruan zabaldu da kezka batik bat, egoitza batzuetan gaitza arin hedatzen ari baita, baina mendekotasunen bat dutenak etxean zaintzen dituzten langileak ere nabarmen arduratuta daude. «Bonba bat bihurtu gara», deitoratu du Nestor Melgosak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan dihardu, Gasteizen, eta kexu da babesik gabe ari direla lanean osasunez oso ahul dauden pertsonekin. «Ezinbestekoa da segurtasun neurriekin lan egitea, baina ez daukagu materialik».

Azken urteetan lan gatazketan murgilduta egon dira etxez etxeko laguntzaileak ia Euskal Herri osoan, baina, halere, sektore ezezaguna dela uste du Txelo Arias Basauriko (Bizkaia) langileak: «Jende askori interesatzen zaio zerbitzu hau ikusezina izatea». Laguntza publikoa den arren—udalek eta foru erakundeek kudeatua—, azpikontratatuta dago: «Feminizatuta eta prekarizatuta». Beharginek azaldu dutenez, askotariko mendekotasunak dituzten pertsonak artatzen dituzte, baina erabiltzaile ugari adinekoak dira. «Batzuek alzheimerra dute, edo zaintza aringarriak behar dituzte, edo mendekotasun handia dute... Oso zaurgarriak dira», zehaztu du Melgosak. Hortik dator segurtasun neurrien premia: «Pertsona batzuek autonomia handiagoa edo sare sozial zabalagoa dute, eta molda daitezke gure laguntzarik gabe epe batean, baina beste batzuk ez: etxean behar gaituzte. Eta, segurtasun neurririk ezean, gaitza kutsatu dezakegu, edo kutsatuak izan».

Pertsona kalteberekin jardun arren, sektorean ez dago halako egoeretarako protokolorik, sindikatuek gaitzetsi dutenez; osasun larrialdia hasi zenetik, langileek ez dute informaziorik jaso, ez enpresen eta ez instituzioen partez. Eman dizkieten argibide apurrak, gainera, oso nahasiak izan direla salatu dute. «Esan izan digute ez dugula maskararik erabili behar, ez bada immunoeskasia dutenekin, eritasun kronikoak dituztenekin edo biriketako gaitzen bat daukatenekin lan egiten dugula», azaldu du Melgosak. Maskararik eta eskuak garbitzeko gelik ez diote eman berari; eskularruak eta mantalak baino ez dauzka, hau da, ohiko materiala. Ariasi aste honetan iritsi zaizkio lehen maskarak, «baina erabilera bakarrekoak izaki, ez dira nahikoa».

Lankideak gaixo

Basaurin, COVID-19ak gehien kalte egin duen inguruetako batean dihardu: Kalero auzoan. «Latza da: jende asko hiltzen ari da, osasun etxeko mediku batzuk bakartuta egon dira... Eta guri enpresak ez digu maskararik eman udalean kexatzen hasi garen arte». Melgosa ere oso kezkatuta agertu da babesik gabe aritu diren bitartean birusak izan duen bilakaerarekin: «Nik zazpi etxetan egiten dut lan. Itxialdia agindu baino lehen, gutxienez bi astez izan dugu gaitza gure artean, eta oraindik ez dugu ia segurtasun neurririk lortu, ez digute probarik egin... Zer ez ote dugun egin birusarekin egun hauetan...». Ondorioak sumatzen hasi da Arias: «Lankide batzuk gaixotu dira, eta erabiltzaile batzuk ere bai. Azken batean, hau kate bat da».

Lanerako ere ez dira egun errazak izaten ari, gasteiztarraren hitzetan: «Badago kezka bat, lankideen zein erabiltzaileen artean, eta etxe batzuetan tentsioa nabaritzen da; mezu lasaigarri gutxi dago hedabideetan, eta guri psikologo lana ere egitea tokatzen zaigu. Baina familia batzuetan uko egin diote gure zerbitzuari, beldurragatik». Kontrakoa ere gertatzen ari da, hau da, langileek zama handiagoa izatea, Ariasen arabera: «Eguneko egoitzak ixtearekin batera, adineko batzuen beharrizanak areagotu egin dira: lehen, egoitzetan bazkaltzen zuten, baina, orain, etxean itxita daude; beraz, erosketak egin behar zaizkie, eta sarri janaria prestatu ere bai. Hori guztia guk egin behar dugu orain».

«Eta hau okerrera doa...», esan du, ezkor, Nestor Melgosak: «Kezkatzen nau kutsatzaileak izateak, zaintzaileak izan beharrean». Hala ere, ohartarazi du sektorearen arazoak ez dituela osasun larrialdi honek eragin. «Oraingo ezina 2008tik aurrerako murrizketen ondorioa da». Bat dator Txelo Arias: «Zaintzei balioa eman behar zaie. Asko aipatzen da hori, baina langileok lokaztuta jarraitzen dugu, eta auziari erabilera politikoa eta sindikala ematen zaio. Krisi honetan premia guztiak azaleratzen ari dira; zerbaiterako balio behar luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.