Migratzaileak

Kanpadenda batean erbesteratuen Paris hori

Frantziako hiriburuan ere milaka migratzaile daude baldintza eskasetan; zubien azpian bizi dira, baita trenbideen inguruan ere. Kalea dute irtenbide bakarra.

TERESA SUAREZ.
Paris
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Zaila da haiek aurkitzea. Sena ibaiaren ertzean, Liburutegi Nazionalaren parean, kontzertu erraldoiak egiteko erabiltzen den estadio batek iragartzen du Billie Eilishek Parisen joko duela ekainean. Frantziako Ekonomia Ministerioaren hormigoi grisa alde batera utzi, ezkutuan dauden eskailera batzuk jaitsi, eta hortxe dago zubia: gauero-gauero, 50 bat pertsonak lo egiten dute trenbidearen azpian.

Diaby Boli Kostakoa da, eta hizketan ari da, frantsesez, bederatzi hilabeteko haurra magalean geldi egon ezinik. Haurra Italian jaio zen, eta Diaby Libiatik iritsi zen haurdun, bikotekidearekin batera. Bikotekidea ez dago orain hemen, goizean goiz Paris oinez zeharkatzera joaten baita, edozein lanen bila. Dendaren barruan, mantetan bilduta, Diaby beste emakume baten haurtxoa zaintzen ari da gaur goizean. Hiru hilabete ditu. Emakume hura Frantzian erditu zen, eta ospitalean lau egun eman eta gero kalera itzuli behar izan zuen, haurra besoetan zuela.

Ezinezkoa da zehaztea zenbat migratzailek eta asilo eskatzailek egiten duten lo negu honetan Parisko kaleetan; duela urte batzuetatik hona, mila eta bi mila artean dira, gizarte erakundeen arabera. 2015eko errefuxiatuen krisia deiturikoaz geroztik, errefuxiatu eremu txikiak sortzen hasi ziren hiribideetan, parketan eta zubien azpian. Orduz geroztik, Frantziako harrera sistemak egiturazko arazo bat du, ez baitu bizitokirik hartzen dituen biztanlerik zaurgarrienentzat, eta, ondorioz, kalea da irtenbide bakarra.

Eta kalean, «inor ez dago seguru». Doumbiaren hitzak dira: Boli Kostakoa da, 22 urtekoa, eta kanpadendan gorde dezakeena besterik ez dauka. Hobeto esanda, kanpadendaren erdian gorde dezakeena, egoera berean dagoen adiskide batekin partekatzen baitu. Azaroan sartu zen Europara, Las Palmastik; hilabete darama Parisen, eta hor hasi nahi du bestelako bizimodu bat. «Anai-arrebetan zaharrena naiz, eta horregatik etorri naiz: familiari laguntzeko, baina baita neure buruari laguntzeko ere», eta irribarrez azaldu du emagin izateko ikasi nahi duela.

Haren ondoan, Camarawa dago. 45 urte ditu, eta esan du gozotegi batean lan egitea gustatuko litzaiokeela. Seme-alabak Boli Kostan utzi behar izan zituen, eta egonkortzea lortzen duenean ekarriko ditu Parisera. Haren dendaren ertzean, bi haurrek jolastoki bihurtu dute errepidearen bazterbidea, eta amen begiradek gertutik zaintzen dituzte autoak pasatzen diren bitartean. Ez daude eskolatuta, jakina. Alde batean, asfaltoa; bestean, bizikleta dezente dabiltzan bidegorri bat. «Bizikleta», dio ozenki norbaitek noizean behin, eta, orduan, haur kotxeak kendu behar dira, eta segundo batzuk geroago berriz hasten dira hizketan.

Asko bakarrik iritsi dira Frantziara, eta hemen emakume talde handi batean elkartu dira, eta elkarri laguntzen diote orain. Egunez sakabanatu egiten dira, dutxa publikoetara joaten dira, GKEen janari banaketetara, paperen tramiteak arintzen saiatzen dira. Gehienek ez dute abokaturik, baina batzuek gizarte langileen laguntza dute. «Egoera honetan, ezin dugu ezer egin. Etxe bat behar dugu. Baina egunero esaten digute ez dagoela konponbiderik. Egunero», adierazi dute, atsekabeturik.

Aste batzuk daramatzate zubi horren azpian. Migratzaileei larrialdiko laguntza ematen dien erakunde batek, Utopia 56 izenekoak, hemen elkartu zituen hiriburura iritsi berriak ziren emakume eta nerabe talde batzuk. «Frantziak ez du harrera sistemarik iritsi berrientzat. Nahitaez, kalean bizi behar duzu», salatu du Utopia 56ko Parisko koordinatzaile Oceane Marachek, eta prozesua azaldu du: lehenik eta behin, ordua eskatu behar da telefonoz, babesa eskatu ahal izateko, eta, ondoren, bigarren elkarrizketa egin arte itxaron behar da; orduan, bizitokia eska daiteke. Hilabeteak igaro daitezke administrazioak erantzun arte.

Babesaren legezko zirkuituan sartzea lortzen dutenentzat ere oso zaila da bizitoki bat aurkitzea, Europako Batasuneko migrazio politiketan aditu Chloe Peyronnet legelariak azaldu duenez. Berez, oso konplikatua da; Iheslariak eta Apatridak Babesteko Frantziako Bulegoaren arabera (OFPRA), 2020an egindako 62.000 asilo eskaeren %80 ukatu zituzten. «Zentroak aldi baterakoak dira, eta irizpide administratiboak asko aldatzen dira; beraz, litekeena da aldi batzuetan teilatupean egotea, eta beste batzuetan ez», azaldu du Peyronnetek. Erakunde humanitarioen kalkuluen arabera, kalean bizi direnen % 15-20k aitortuta daukate errefuxiatu estatusa.

Ile-de-Francen, hau da, Parisen inguruko eskualdean tramitatzen dira eskaera guztien %45, eta horrek are gehiago luzatzen eta oztopatzen du hiriburuan bizitoki bat aurkitzeko edo erregularizatzeko prozesua. Anne Hidalgo egungo alkate eta presidentegai sozialista egoera hobetu nahian ibili da, 2016an hiriburuan lehen harrera zentro humanitarioa irekitzea proposatu baitzuen. Dunquerquekoa zuen inspirazio iturri, garai hartan ekologistek gobernatzen zuten hirikoa, non, ondoko Calaisen bezala, kanpamentu handiak eratu baitziren Erresuma Baturako bidean zeuden migratzaileez beteak.

Hidalgoren proposamenari Burbuila deitzen hasi zitzaizkion kalean, kapsula formako arkitekturagatik. Hamar egunez laurehun pertsonari ostatu emateko gaitasuna zuen, horiek estatuko beste baliabide batzuetara bideratu arte. Gaur egun, Parisko iparraldeko beste eremu batzuetan antzeko zentroak daude, baina Hidalgoren eremu humanitarioa bost hilabete eskasean itxi behar izan zuten. Itxi zutenean, 2017ko martxoan, Parisko kanpaleku informalek bi mila migratzaile ingururi ematen zieten aterpe, eta gero eta gehiago bidaltzen zituzten kanpoaldera.

Elkartasuna

Saint Denis - Fronte Popularra. Metroko 12. linearen azken geltokia da hori, Parisko muga administratibotik harago. Norbait abesten ari da, eta sakoneko akordeoi bat entzuten da La Belle Etoile auzoko antzoki honetan. Lehenengo atean, ordea, sukalde bat dago, non hamar bat nerabe lanean ari dira, bakarka mugitu ezinik janariz betetako eltzeak. Solidarite Migrants Wilson erakundeko boluntarioak dira, eta astean hiru egunetan janaria prestatzen dute hirurehun lagunentzat.

Erakundeak Wilson Presidentearen etorbidearen izena hartu du, eta oso gertu dago asilo eskaerak aurrez aurre erregistratzen diren Polizia Prefeturatik; hain zuzen, 2015ean hortxe hasi ziren lehen kanpaleku informalak egiten. «Desatsegina zen ikustea eta ezer ez egitea», gogoratu du Michelek, antzokiko zuzendariak; horregatik, bizilagunak antolatu egin ziren, eta gune horrek sukalde komunitario bat ireki zuen duela urte batzuk; aurretik, sotoa biltegi eta babesleku gisa erabiltzen zuen.

Arratsaldeko zazpiak pasatzerako, bazkaria prest dago hiriko hainbat tokitan banatzeko. Autoetan, egurrezko orgatxoetan edo oinez, ia 30 boluntariok parte hartzen dute banaketan. Batzuek dozenaka anoa garraiatzen dituzte Glovoko motxila berrerabilietan. Arroza dilistekin: horra eguneko menua, eta ogi zati bat. Hamar bat mutil gazte ilaran daude boluntarioen mahaiaren aurrean. Gehienek, isilik jan, eta alde egiten dute.

Nazari afganiarra da, eta 25 urte ditu. Banaketa gunera joan da, eta lotsatuta galdetu du non lor dezakeen kanpadenda bat. Bi hilabete daramatza kalean kartoi artean lo egiten. Bere izena esan nahi ez duen beste mutil somaliar batek janaria baztertu eta parazetamol bat eskatu du. Buruko mina du duela egun batzuetatik. Dagoeneko hiru urte eman ditu kalean gaizki bizitzen; hatzekin kontatu ditu.

Bizipenak eta pertsonak desberdinak dira egunero, eta Parisko kaleak munduko hainbat leku suntsitzen dituen minaren erakusgarri: Eritreako gerra eta Afganistanen gogortzen ari dena islatzen dute, Bielorrusiako mugan dagoen krisia, hesiek eragindako zauriak eta Europa hegoaldeko errepresioa.

Banaketaren ondoren, zeinetara etxegabeak ere joaten diren, Abdu Abdullahren begietan irribarrea ikus daiteke oraindik. 31 urteko sudandar horrek dioenez, duela oso gutxi lortu zuen asiloa, eta orain boluntario gisa arituta itzuli nahi du GKEek hari emandako laguntza. 2015ean irten zen etxetik, Libiatik iritsi zen Italiara, eta Parisera iritsi zenean, zortea lagun ote zuen ikusi eta Erresuma Batura joan nahi izan zuen. «Sudandar askok Ingalaterrara joateko ametsa dugu, badakigulako zerbait ingelesez. Baina Calaisera iritsi nintzenean, egunak eman nituen oihanean. Hain gogorra iruditu zitzaidan, hainbeste jende hiltzen ari zela entzun nuen, non neure buruari hitzeman nion ez nuela arriskatuko eta hemen geratuko nintzela», eta Parisera itzuli zen.

Jasotzeko ordua da, eguna bukatzeko ordua. Sem Mohamedek, 21 urteko boluntario eta ekintzaile frantziarrak, azaldu du zergatik hasi zen migratzaileei laguntzen. «Erokeria bat da Frantziako Estatuak nola tratatzen dituen errefuxiatuak. Zerbait egin behar da, gaur egungo tratua iraingarria baita. Estatuak kanporatu egiten ditu, ez die laguntzen, edo kartzelatu egiten ditu. Horiek ez dira bizi baldintzak», esan du, haserre.

«Pandemia baino lehen, Frantziako gizarteak bazuen errefuxiatuenganako nolabaiteko interesa; komunikabideetan ere zertxobait jorratzen zen gaia, baina orain aldatu egin da hori. Jendea bere baitan zentratuago dago, eta inor ez da haietaz gogoratzen», salatu du Danica Jurisic Bosniako ekintzaile eta errefuxiatuak.

Jurisicek adierazi du osasun krisiaren ondorioak dramatikoagoak direla lanik prekarioenetan. «Asilo eskatzaile askok eraikuntzan edo bizikletako banatzaile gisa lan egiten dute. Beldurraren eta krisiaren ondorioz, enpleguari eutsi diotenak inoiz baino esplotatuago daude», adierazi du.

Gizarte krisi bat iristen ari da osasun krisiaren orpotik, eta, apirilean presidentetzarako egingo diren hauteskundeekin batera, atzerritarren aurkako giro amorratua eta erradikalizatua islatzen ari da. Parisko gizarte osoa aztoratu zuen eraso batekin hasi da urtea: eskuin muturreko bi fanatikok sable batekin eraso zieten Bercy parkean lo egiten ari ziren errefuxiatu batzuei, Diabyk eta gainerako emakume bolikostarrek gaua pasatzen duten tren geltokitik oso gertu.

«Urteetan normalizatu dira eskuin muturreko diskurtsoak, eta horrek atea ireki dio konplexutasunik gabeko diskurtso arrazista bati. Eric Zemmour izan da horietako bat, zeina orain presidente izateko aurkeztu den, Fronte Nazionala baino aukera erradikalago baten moduan», hausnartu du Michael Gozlanek, Las Amarres zentroko kideak. Las Amarres Sena ibaiaren ertzean dagoen eguneko zentro bat da, eta frantses eskolak, dutxak eta atsedenleku bat eskaintzen ditu, besteak beste; egunero ehun familia eta hirurehun gizon inguru joaten dira hara.

Kaleko eta hedabideetako eztabaidan, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak eta horien argudioak dira nagusi, eta ezkerra, zeina oso zatikatuta eta bigarren itzulira pasatzeko aukerarik gabe dagoen, ez da gai diskurtso horiei aurre egiteko. Berriz ere, ikuspegi negatibo batez planteatutako migrazioa pagaburu perfektua da: kontzeptu bakar batean biltzen dute ondoz ondoko krisien desilusioa, inork ez baitaki ondo nola heldu krisi horiei.

2017rako, Emmanuel Macron egungo presidenteak, zeina inkestek apirileko irabazletzat jotzen duten, kargua hartu eta hilabete gutxira agindu zuen ez zuela onartuko inork herrialdeko «kaleetan edo basoetan» lo egitea, «ez gizonek, ez emakumeek». Ehunka eta milaka dira promes hori noiz beteko zain dauden erbesteratuak, neguari Paris kanpoaldeko kanpadenda batean aurre egiten dioten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.