Etxegabeak, geroz eta gehiago

2012. urteaz geroztik, nabarmen handitu da etxegabeen kopurua Hego Euskal Herrian. Gipuzkoan eta Nafarroan handitu da gehien; hain zuzen, duela hamar urte halako bi dira orain etxerik ez dutenak.

jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Duela bi urte hustu zuten Donostiako Infernua eraikina. Ehundik gora pertsona bizi ziren han; aterpe bat aurkitua zuten eraikin abandonatu horretan, babesleku bat Donostiako neguko kale hotzetatik. Han bizi zirenetatik asko kale gorrian geratu ziren, eta hiriko Parte Zaharrean dagoen Konstituzio plazako arkupeetan aurkitu zuten lotarako lekua. Parte Zaharreko bizilagun batzuk afaria ematen hasi zitzaizkien, eta, pixkanaka, gero eta etxegabe gehiago hasi ziren biltzen arkupeetan janari eske; hortaz, bizilagun gehiago ere hasi ziren laguntza ematen. Horrela sortu zen Afari Solidarioak egitasmoa. Donostiako beste bi auzora ere zabaldu da: Egiara eta Amara, hain zuzen.

Eustatek 2022ko azkenetan atera dituen datuen arabera, 749 pertsona bizi dira kalean Donostian. Halere, hamar urte igaro dira azken ikerketa egin zenetik: 2012an egin zuen, eta, horren aurretik, 2005ean egin zuen beste bat. Orduz geroztik, etxerik ez dutenen kopurua nabarmen handitu da, batez ere Gipuzkoan eta Araban. Gipuzkoan, %180,4 egin du gora 2012aren eta 2022aren artean artatutakoen kopuruak, eta Araban, %132,3. Bizkaikoa, berriz, % 70,9 igo da. Nafarroako datuak ere eman ditu Espainiako Estatistika Institutuak, eta, haren arabera, bi halako dira orain kalean bizi direnak: 330 ziren 2012an, eta 603 zenbatu dituzte aurten.

2012ko datuekin alderatuta, bereziki emakumeen kopurua handitu da, baita gazteena ere. Migrazio krisiak ere izan du eragina: geroz eta etorkin gehiago bizi dira kalean.

Garazi Montuschi Donostiako Harrera Sareko eta SOS Arrazakeriako kideak ere baieztatu du migranteak direla kalean bizi direnen gehienak: «Hona heltzen direnean, lehen hilabeteak kalean pasatu behar izaten dituzte; gutxienez, bederatzi hilabete. Hiru edo lau hilabete behar izaten dituzte errolda lortzeko, eta, laguntzaren bat jasotzeko, beste sei hilabete itxaron behar izaten dute».

Hala ere, orain arte bestelakoak ziren kalean geratzeko arrazoiak. 2012an Eustatek egindako inkestan, arrazoi nagusia enplegua galtzea zen, baina, orain, lautik bakarra dago etxerik gabe arrazoi horregatik. Kalean geratzen direnen ia erdiak migranteak dira. Nafarroan, berriz, inkesten emaitzek erakusten dute etxegabetzeak direla kalean bizitzeko arrazoi nagusia: hamarretik lau. %11,4 dira beste herrialde batetik Nafarroara iritsi eta etxerik ez dutenak.

Etxebizitza, arazo larria

Donostiako kasuan beste faktore batzuk ere kontuan hartzekoak dira, Montuschik azaldu duenez: «Gelen prezioak oso garestiak dira, eta baita bizi maila ere. Askok ez dute nahiko diru gela bat alokatzeko». Etorkinek beste traba batzuk ere izaten dituztela gehitu du: «Arrazakeria handia dago gelak alokatzeko orduan Donostian eta inguruan. Kanpotarra zarela esaten duzunean, telefonoa eskegitzen dizute, edo nola ordainduko duzun galdetzen dizute, edo ea nongoa zaren».

Baina nola bizirauten dute kalean etxerik ez dutenek? Eustaten ikerketaren arabera, prestazio sozialak edo GKE gobernuz kanpoko erakundeetatik lortzen dituzte diru sarrera nagusiak. Eta % 55ek erakunde publiko batek edo GKE batek utzitako lo egiteko leku batean igarotzen dute gaua.

Montuschik adierazi du baliabide horiek ez direla nahikoa: «Aterpetxea beteta dago beti, lekuak ez dituzte ugaritu, eta egoera bereziak salbu, hiru hilabetetik behin bost gau pasatzeko eskubidea baino ez daukate».

Baina, lo egiteko lekuaz gain, bestelako baliabide batzuk lortzeko orduan ere erakunde publikoek behar beste egiten ez dutela salatu du: «Askok ez daukate non jan, non jantzi. Horren ondorioz, azkenean, afaria emateaz gain beste oinarrizko behar batzuk ere betetzen ditugu». Azaldu duenez, gabezia horiek GKE edo bestelako eragile sozialek betetzen dituzte askotan, Donostiako Udalaren baliabideak aski ez direlako: «Udalak Otorduak programa dauka, eta, haren bidez, kalean bizi direnek hiriko jatetxe batzuetan bazkaldu dezakete, eta afaritarako ere ogitarteko bat ematen diete. Baina hor ere lekuak mugatuak dira, eta ez dira soslai guztiak onartzen».

Afari Solidarioak egitasmoak 170 afari inguru ematen ditu. Bizilagunen poltsikotik ordaintzen dira afari horiek, eta, orain, denda eta eskola batzuek ere ematen diete zerbait. Montuschi: «Oso tristea da Donostiaren moduko hiri batean 100 pertsonak sostengatu behar izatea 170 pertsonarentzako afaria; egun horretan askok jango duten bakarra gure esku egotea. Eskubide bat da, edozeinek eduki beharko lukeena».

Egoera salatzeko asmoz, joan den urtean ostegunero kalean lo egiten hasi ziren bizilagun batzuk. «Neguko aterpetxea itxita zegoela salatu nahi genuen. Muturreko eguraldia dagoenean bakarrik irekitzen dute», salatu du Montuschik. Gaineratu du baliabide falta horren atzean «borondate politikorik eza» dagoela.

Kalearen arrastoak

Egoera honek eragin nabarmena du kalean bizi direnen osasun fisiko zein mentalean: %28k adierazi dute gaixotasun larri edo kroniko bat dutela. Asko osasunez ondo egon ohi dira kalean geratu baino lehen, baina egoera horrek dakartzan baldintzek kalte egiten diete, Montuschik dioenez: «Guretzat oso tristea da ikustea ondo iristen direla Donostiara, eta, gero, egunez egun nola gaixotzen diren kalean egoteagatik. Esaterako, gazte asko formakuntza saioetara joaten dira lorik egin gabe». Buru osasunean ere nabarmen eragiten die kaleak. Montuschi: «Askok laguntza eskatzen digute. Egoteko leku bat edo babes emozionala edukita, egoera txar asko ez lirateke gertatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.