Euskara, hari-harian zintzilik

Ikasturtea hasi da haur eskoletan, eta horrek euskararen auzia hizpidera ekarri du Iruñean. Ingelesa txertatuko dute euskarazko ereduan; erabakiak gurasoen eta hezitzaileen kezka piztu du.

Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratze bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Poliki-poliki, Iruñeko haur eskoletako gelak betetzen hasi dira abuztuaren 16tik. Eta itzulerak euskararen auzia hizpidera ekarri du berriz ere. Ingelesa euskarazko haur eskoletan txertatzeak eta euskarazko eskaintza faltak kezka piztu du gurasoen eta hezitzaileen artean. Argi dute euskaraz ikastea eskubidea dela eta euskarazko hezkuntza bermatzea lehentasunezkoa dela.

Navarra Sumaren udal gobernuak, PSNren babesarekin, Iruñeko euskarazko haur eskoletan ingelesa sartuko zuela iragarri zuen; horren adibide da Printzearen Harresi haur eskola. Hartan, bost gela eta lau eredu dituzte: euskara, gaztelania, euskara eta ingelesa, eta gaztelania eta ingelesa. Oraindik ez dakite nola txertatu beharko duten hirugarren hizkuntza haur eskolan. Hala ere, Garikoitz Torregrosa zuzendariak esan du euskararen kalterako izanen dela: «Argi dago euskarak galduko duela».

Ainhoa Jauregi HE Gurasoak elkarteko kideak berretsi du Enrique Maia Iruñeko alkateak hartutako neurriak gurasoei kezka piztu diela. Alde batetik, euskarari lekua kentzeko «trikimailua» dela uste dute. Bestetik, hezitzaileei B1 titulua izatea eskatzen zaie, eta kalitatezko hezkuntza emateko «maila baxua» dela dio Jauregik. Torregrosak bat egin du harekin: «Bi hizkuntza elkartzen direnean, gutxituenak galtzen du beti».

Gainera, HE Gurasoak elkarteak maiatzean salatu zuen 165 familia euskarazko tokirik gabe geldituko direla aurten; hala ere, Maiak behin baino gehiagotan adierazi du eskaintza eta eskaria orekatuak daudela, baina Jauregik uste du hori «tranpa bat» dela: «Ez du errealitatea islatzen, jende asko gertutasunagatik auzoan gelditzen delako. Beraz, askok ez dute jotzen euskarara».

Iruñea osoko haur eskola euskaldun bakarra da Txantreako Izartegi. Jauregik gertuen duen eskola eredu mistokoa denez, umea Izartegira eramaten du. Hogei minutu ditu oinez haraino, eta, euria egiten duenean, autoa hartu behar du: «Euskarazko murgiltze eredua lehenetsi dut; auzoan izango banu, han geldituko nintzateke, argi eta garbi».

Beste guraso batzuek, ordea, gertutasuna lehenesten dute, kontziliazioagatik, eta gaztelaniazko eredura jotzen dute. Baina ume batzuentzat, euskarazko eremu bakarrak eskolak dira. Jauregik salatu du Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak badakitela, eta «horren kontra» doazela. Halere, Torregrosak nabarmendu du euskarak arlo akademikoaz bestelako eremuak ere irabazi behar dituela haur euskaldunak hezteko.

Eskolatik kanpo ere bai

Hain justu, eremu horiek berreskuratzeko, HE Gurasoak elkarteak Iruñerriko Parkean Euskaraz 21/22 egitasmoa antolatuko du. Iazko maiatzean eta ekainean egin zuten lehen aldiz, proba moduan; esperotako guztia bete zutela dio Iñigo Otxoa kideak: «Auzo guztietan atera genituen taldeak, eta denetan hasierako familia kopurua halako bi lortu genuen». Arrotxapeko, Antsoaingo, Txantreako, Iturramako, Arrosadiko, Sarrigurengo eta Alde Zaharreko parkeetan bilduko dira orain.

Egitasmoa 2 eta 6 urte bitarteko haurrak dituztenentzat da, eta hiru helburu ditu: gurasoak haurren eredu izanda, familiarteko harremanak euskalduntzea; herriari eta auzoari lotutako sare euskaldunak sortzea, eta euskaraz bizitzeko ahalduntzea bultzatzea. Hortaz, haur bakoitzeko guraso euskaldun edo ia euskaldun batek parte hartzen du.

Euskara eskolan, etxean eta aisialdian transmititzea denez egitasmoaren xedea, «D+ eredua» esaten diotena azaltzeko komiki txiki bat sortu dute. Komikiak baliabideak ematen ditu, haurrek euskara ulertu ez ezik hitz egin dezaten. Gurasoei galdera bat egin diete: «Zuk nahi duzu zure umeak euskaraz egitea?». Galdera horren erantzuna argi du Otxoak: «Ez utzi euskara eskolan, eraman aisialdira: nahiz eta euskaraz ez jakin edo gutxi jakin, etxean euskara jasotzeko baliabideak ematen ahal dizkiozu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.